Ibarguren "lehenbailehen aske gelditzea" eskatu du Udal Gobernuak, "giza eskubideen defentsan aritzea ez delako delitua"

Uztarria.eus 2013ko ira. 30a, 19:48

Herrira mugimenduak egiten duen lana "berretsi" eta haren kontrako operazioa "salatu" dute udal agintariek.

Gaur (astelehena) Herrira herri mugimenduaren kontra egindako polizia operazioaren harira, eta operazio horren barruan atxilotu duten Eneko Ibargureni babesa adierazteko adierazpena egin du Azpeitiko Udal Gobernuak. Besteak beste, Herrira mugimenduak egiten duen lana "berretsi" eta haren kontrako operazioa "salatu" dute udal agintariek, eta Ibarguren "lehenbailehen aske gelditzea" eskatu dute, "giza eskubideen defentsan aritzea ez delako delitua".

Hauxe da Bildu koalizioaren ordezkariek osatzen duten Udal Gobernuaren agiria:

"Azpeitiko Udal Gobernuak gaur goizean Herrira mugimenduaren kontra eginiko operazioa salatu nahi du, eta operazio horretan atxilotutako Eneko Ibarguren azpeitiarrari eta bere gertukoei babes osoa azaldu nahi die. Hala, Eneko lehenbailehen aske gelditzea eskatzen du, giza eskubideen defentsan aritzea ez delako delitua. Herrira mugimenduak giza eskubideen alde egiten duen lana berretsi nahi du, eta Udal Gobernuak bere konpromisoa azaltzen du, besteak beste, Euskal Herriaren gatazkaren konponbidean eta euskal presoen eskubideen defentsan lan aktiboan segitzeko".