"Euskal Herri osoaren aurkako operazio bat da hau, konponbide eta bakearen aurkakoa"

Uztarria.eus 2013ko ira. 30a, 19:12

Mugimenduaren aurkako polizia operazioa dela-eta adierazpena plazaratu du Azpeitiko Herrira-k. Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarrari eta atxilotutako beste 17 lagunei "besarkadarik estuena eta elkartasun osoa" helaraztearekin bat, gaur (astelehena) 19:00etan herrian egingo den manifestazioan eta aurrerantzean deituko diren mobilizazioetan "masiboki parte hartzeko deia" egin dute.

Jarraian datorrena da, osorik, Azpeitiko Herrira mugimenduak komunikabideetara bidali duen adierazpena:

"Gaur euskal presoen eskubideen alde jarduten duen Herrira mugimenduaren aurka burutzen ari den polizia operazioaren inguruan, honakoa adierazi nahi dugu:

  • Lehenik eta behin, gure besarkadarik estuena eta elkartasun osoa Eneko Ibarguren Kurku-ri eta atxiloturiko beste 17 lagunei.
  • Presoen eskubideen errespetuaren aldeko euskal jendartearen gehiengo zabalaren aldarrikapena kaletik ateratzeko saiakera bat da polizi operazio hau. Euskal presoei dagozkien eskubideen aldarria kriminalizatu eta desagerrarazi nahi du Estatu espainiarrak.
  • Presoen auzia erabiltzen du Estatu espainiarrak konponbide prozesua blokeatu eta zapuzteko. Bakearen aurka erabiltzen du Estatu espainiarrak euskal presoei ezartzen dien espetxe politika kriminala.
  • Euskal Herri osoaren aurkako operazio bat da hau, konponbide eta bakearen aurkakoa. Beraz, gaur pairatzen ari garen polizia operazio honek herri bezalako erantzun zabal bezain irmo bat behar du.

Horrela bada, bi dei nagusi luzatu nahi ditugu gaurkoan:

  • Batetik, gaur arratsaldeko zazpiretan egingo den manifestazioan eta deituko diren beste mobilizazio eta ekimen guztietan masiboki parte hartzeko deia luzatzen dugu.
  • Bestetik, presoen eskubideen aldeko aldarrikapena kaletik atera eta kriminalizatu nahi duten honetan, bete ditzagun Euskal Herriko kaleak, gure etxeetako balkoiak eta txoko guztiak Euskal preso eta iheslariak ETXERA lelodun txartel eta banderolekin.

Tantaz-tanta, euskal presoen eskubideen aldeko itsasoa osatu dezagun!