Gudari Eguneko ekitaldiak zapatuan izango dira aurten

Uztarria.eus 2013ko ira. 25a, 20:29

Nuarbera mendi martxa, Anjel Otaegiren etxe aurrean ekitaldia eta ondoren Nuarben bertan bazkaria egingo dute. Bazkarirako txartelak salgai jarri dituzte Orkatzen eta Txarrantxan.

Ostiralean, irailaren 27an, Francoren errejimenak Juan Paredes Manot Txiki eta Anjel Otaegi etakideak eta FRAPeko hiru kide hil zitueneko 38. urteurrena beteko da. Data horren bueltan, urtero legez, Gudari Eguna ospatuko da aurten ere.

Azpeitian, ikasleek egunean bertan elkarretaratzea egingo dute, baina Gudari Egunaren gainerako ekitaldiak zapatuan, hilaren 28an, izango dira. Otaegiren jaioterria, Nuarbe, izango da beste behin erdigunea. Lehen hitzordua, 09:30ean, Azpeitiko plazatik abiatuta Nuarbera egingo den mendi martxa izango da. 12:30ean, berriz, Otaegiren etxea aurrean ekitaldia egingo dute. Eta, bukatzeko, 14:00etan bazkaria ospatuko dute Nuarbeko frontoian.

Bazkarirako txartelak salgai jarri dituzte Orkatzen eta Txarrantxan. Lanean ari direnek 12 eurotan eros dezakete txartela, eta ikasle eta langabetuek 8 eurotan.