Autobus zerbitzua indartuko dute eskualdean

Uztarria.eus 2013ko ira. 2a, 15:17
Ezkerretik eskubira, Ruben Alberdi, Unai Erroitzenea, Eneko Etxeberria eta Alvaro Villar.

Gaurtik, irailak 2, aurrera 24 zerbitzu berri izango dira Azkoitia eta Azpeitia artean. Horrez gain, Zestoatik Zumarragako ospitalera lau zerbitzu gehiago izango dira, eta Azkoitia eta Zumaia artean (Aizarnazabaletik igarota) beste bi.

Gaur, irailak 2, hasita hainbat autobus zerbitzu berri izango da eskualdean. Hala jakinarazi dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendari Unai Erroitzeneak, eta Azpeitiko, Zestoako eta Aizarnazabaleko alkateek goizean egin duten agerraldian.

Aurrerantzean Azkoitia eta Azpeitia artean 24 zerbitzu berri izango dira (12 norabide batean, eta 12 bestean). Horrez gain, Zestoatik Zumarragako ospitalera lau zerbitzu gehiago izango dira, eta Azkoitia eta Zumaia artean (Aizarnazabaletik bueltan) beste bi. Autobus zerbitzuen maiztasuna handitzearekin helburua da, "Azkoitia eta Zumaia artean 30 minutuan behin autobusa izatea", azaldu du Ruben Alberdi Zestoan funtzioetan dagoen alkate eta alkateordeak.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi duenez,  Azpeitia eta eskualdea "aislatuta" zeuden: "Azpeitiarrek eta bailarako bizilagunek autoa behar zuten herritik mugitzeko. Herritarrek garraio zerbitzu hobea eskatzen zuten, eta azken urteetan behar hori nabarmen indartu da. Gainera, ingurugiro irizpideaz gain, mugikortasun jasangarria sustatu nahi da, kotxean ibiltzea oso garestia da-eta".

Unai Erroitzenea Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendariak garraio publikoaren aldeko apustua "berretsi" du. Erroitzeneak aurreratu duenez, "aurrera begirako apustu estrategiko berriak ditugu eskuartean, eta aurki Gipuzkoako 57 herritan garraioaren eta mugikortasunaren inguruko prozesu parte-hartzailea abiatuko dugu, herritarren behar eta mugikortasun ohiturak aztertu eta eskualdean, eta oro har, Gipuzkoan zerbitzu berriak ezartzeko".

Gaurtik aurrera erabilgarri izan diren autobus zerbitzuak ez dira garraio publikoa indartzeko egindako aurreneko pausoak. Izan ere, joan den urte hasieran La Guipuzcoanak Donostiarako zerbitzua indartu zuen. Ondoren, Lurraldebusek Azkoitia eta Zumaia artean lau zerbitzu berri jarri zituen, eta zapatuetan eta festetan ere autobus zerbitzuak indartu dituzte.