Lehertu da festa; dena da arroxa

Uztarria.eus 2013ko uzt. 30a, 14:37

12:00etarako jendez lepo zegoen plaza. Hiru eguneko festei hasiera emateko prest zen ehunka herritar, eta horietako askok kamixeta arroxa zeramaten soinean. Txupinazoa bota aurretik, Marea Arroxako herensugeak bertsoa kantatu du udaletxeko balkoitik, eta ondoren, Eneko Etxeberria alkateak hartu du hitza. Gogoan izan ditu herrian falta direnak eta langileak, eta eskerrak eman dizkie sagardozaleei eta Jesus Ruiz de Argandoña 'Keuttin'-i egindako lanagatik. Marea Arroxari ere egindako lanaren eskertza egin dio Etxeberriak.

Txupinazoa ere alkateak bota du, Keuttinen eta sagardozaleen laguntzarekin. Suziria bota orduko, Marea Arroxaren saninazioetako kanta jo dute zuzenean Udal Musika Bandak eta Skandalue elektrotxarangak, eta dozena bat herritarrek jarri diote ahotsa musikari, kioskotik.

Festa hasi besterik ez da egin, baina izango da zer gozatua aurtengo saninazioetan. Gainera, gaur, saninazio bezpera, egunaren inguruko saio berezia eskainiko du ETB1-ek, 22:30ean hasita. Saioa Lierni Agirrezabalak eta Oihan Vegak gidatuko dute udaletxetik, eta bertan izango dira, besteak beste, Jesus Ruiz de Argandoña 'Keuttin', Estitxu Elduaien kazetaria, Xabier Euzkitze ETBko aurkezlea eta Kepa Peñagarikano pilotaria.