Azpeitiko gune historikoak ezagutzeko bisitak izango dira udan

Uztarria.eus 2013ko uzt. 29a, 14:24

Sebastian Donearen parrokia eta Bakardadearen kapera ezagutu ahal izango dira, besteak beste. Abuztuaren 10ean, 17an, 31n eta irailaren 14an izango dira bisitak.

Iraurgi Berritzenek bisita gidatuak antolatu ditu kanpoko bisitariek nahiz bertako herritarrek Azkoitiko eta Azpeitiko gune historikoak ezagutu ditzaten. Ohi bezala, abuztuan eta irailean egingo dituzte bisita gidatuak.

Azpeitiko bisita gidatuek Sebastian Donearen eliza nagusia eta hango elementuak izango dute ardatz, batez ere Bakardade kapera, gisa horretako Euskal Herriko bakarra. Kasu honetan, abuztuaren 10ean, 17an eta 31n eta irailaren 14ean egingo dituzte bisitak. 12:30ean elkartuko dira, eliza atarian.

Bisitek bi euroko kostua izango dute, eta txartelak unean bertan eskuratu ahal izango dira. Dena den, ezarritako saioez gain bestelako eskaintza bat ere jarri dute abian. Aaurrez erreserba eginez gero, taldeei zuzendutako bisitak ere egingo dituzte bi hilabete horietan.

Erreserbak eskualdeko turismo bulegoetan egin daitezke. Baita 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta ere, edo i-loiola@turismo.net helbidera idatzita. Informazio gehiago ere bide horietatik lor daiteke.