Presoen eskubideak aldarri

Urola Kostako Hitza 2013ko uzt. 26a, 18:39
Azpeitian 197/2006 doktrinaren aurkako bilkura, martxoan.

Herrira Eguna izango da biharkoa Azpeitian, eta Herritarron epaia ekimena egingo dute arratsaldeko lauretatik aurrera. Juan Karlos Arruti Paterra-ren egoera "ankerraren" gainean lanean ari da Herrira.

Euska presoen eskubideen aldeko azken ostiraletako bilkurak egingo dira gaur herrietan. Azpeitian, gainera, festak ate joka direnean, bihar (zapatua), Herrira Egunean, euskal preso politikoen eskubideen alde jaia eta aldarrikapena uztartuko dituzte. Eguneko ekimen nagusia Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarraren egoeraren ingurukoa izango da; 197/2006 doktrinaren pean dago preso. 20 urteko kartzela zigorra beteta, 2009ko irailaren 10ean zen espetxetik ateratzekoa. Baina 2010ean 197/2006 doktrina edo Parot doktrina delakoa ezarrita, kartzelaldia 30 urtera luzatu zioten, 2019. urtera arte.

Azpeitiko Herrira-ko kideak iazko azarotik 197/2006 doktrina "ankerra" azalarazteko lanean ari dira, ekimenen bidez eragileak eta herritarrak aldarrikapenaren katera gehituz: moskeo kanpaina, hitzaldia, sinadura bilketa, Kordobako Elkartasun Martxa, udalean mozioa aurkeztea...

Azpeitiko Herrira iaz sortu zen, herriko preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko. "Behin taldea sortuta, Paterrak doktrina ezarrita duen egoera ez genuela behar bezala landu ondorioztatu genuen, eta horri heldu genion taldekide batzuk", diote kideek. Hala, gaia lantzen eta informazioa zabaltzen hasi ziren.

Martxoan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak ahozko epaiketa egin zuen Ines del Rioren kasua berriz aztertzeko. Hark ere 197/2006 doktrina du ezarrita. Aurretik, Estrasburgoko auzitegiak Del Rio aske uzteko agindu zuen, doktrinak Giza Eskubideen Europako Konbentzioa urratzen duelakoan. Espainiako Gobernuak helegitea jarri zuen. Horren aurrean, Herrira-k doktrina indargabetzeko eskatuz sinadurak bildu ditu Azpeitian bi hilabetez, Elkartasun Egunera artean; 1.406 jaso dituzte.

Herritik kanpo ere, ate joka

Herriko mugetatik kanpo ere jo dute Azpeitiko Herrira-koek. Apirilean, Arartekoarengana jo zuten: "Ordezkari batekin bildu ginen, eta 197/2006 doktrinaren kontra egiten ari ginena azaldu genion. Bera ere kontra zegoela adierazi zigun, eta erakundeei bere iritzia jakinarazten ari zela esan. Herri indarra horrelako gaietan garrantzitsua zela eta egiten ari ginen lanketa inportantea iruditzen zitzaiola esan zigun". Arartekoaren lanari "zentzua ematen diona" herri mugimenduak direla ere esan zien, haien arabera, ordezkariak.

Ekainean, berriz, Arruti preso dagoen Kordobako espetxera Elkartasun Martxa egin zuten. Kartzela atarian ekitaldia egin, eta bildutako sinadurak espetxe zuzendaritzako ordezkariari eman zizkioten. "Ez ziguten sartzen utzi, zuzendariarekin egoteko". Sinadurak Arartekora, Azpeitiko Udalera, Espetxe Zuzendaritzara eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera bidali dituzte.

Indarrak batuz

Doktrina indargabetzeko eskatzeko ekimenera herritarrak sinadura bidez batu dituzte, besteak beste; baina herriko eragileak ere bildu nahi izan dituzte dinamikara, haien babesa irabaziz. "Presoen eskubideen aldeko hileko azken ostiraletako bilkurak eragileek babestuta egin ditugu; gazte mugimenduak bat (Ernai, ikasle mugimendua eta Gazte Asanblada), alderdi politikoak hurrengoa (Sortu, EA eta Aralar), Erniarraitz Bertsozale Elkarteak hirugarrena eta azkeneko hau Haujijijai batzordeak". Aurrerantzean ere eragileak ekimenera batzeko asmoarekin segituko dute.

Estrasburgoko Auzitegiak 197/2006 doktrinaren inguruan Espainiak jarritako helegiteari "laster" erantzutea espero du Herrira-k. "Estrasburgok helegitea atzera botako balu, Del Rioren kasua argituko luke, eta doktrinapean preso daudenentzat ate bat irekiko luke. Ate horrek egun egiten ari garen dinamika hauei indar handiagoarekin heltzera bultzatuko gaitu. Hala ere, erantzuna bat edo bestea izan, presoen eskubideen aldeko dinamikak indartuz joan beharko dugu".

Bihar Herrira Eguna da, "herri bezala, doktrina eskubide urratzaile honekiko gure desadostasuna adieraztekoa", azaldu dute. "Herritar denek parte hartzeko ekimenak prestatu ditugu".

Herritarron epaia, Azpeitian

Herrira Egunaren barruan, Tafallan hasi eta Euskal Herrian udalerriz udalerri ibilbidea egiten ari den Herritarron epaia-ren liburua egongo da Azpeitiko plazan. Han, 197/2006 doktrinarekiko desadostasuna azalduz herritarrek nahi duten ekarpena egiteko aukera dute. Horrez gain, balantza handi bat jarriko dute plazako kioskoan, balantzaren alde batean doktrina eta bestean herritarren desadostasuna irudikatuz. Han, koadrilek eta norbanakoek hondar alea jarriko dute.