Egun osoko festa izango da biharkoa

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko uzt. 24a, 14:42
41. Sagardo Txapelketaren antolatzaileak herenegun aurkeztu zuten aurtengo ekitaldia, AƱotan. (Nerea Uranga)

Santio Egunez, Baserritarren Eguna ospatuko dute Azpeitian, eta kirola, jana, edana eta kultura uztartuko dituzte. Ondokoari eta ingurumenari errespetua izateko eskatu die azpeitiarrei Udalak.

Bihar, osteguna, egun osoko festa izango da herrian. Goizean, 09:00etan, Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz Txistulari Taldearen goiz-eresia izango da kalez-kale. Gero, 11:00etan, eskualde mailako ganadu erakusketa egingo da Astotegian. Plazan, berriz, XV. Ardi Gazta Lehiaketa izango da ordu horretan.

Herriko plazan, eguerditik aurrera, txekor eta hegaluze errearen pintxoak jateko aukera izango da, gaur 00:00etan jarriko dute-eta txekorra erretzen plazan bertan. Aurreko urteetan bezala, txekor eta hegaluze pintxoen salmentaz eta banaketaz Azpeitiko Parrokiako Mixio Taldea arduratuko da, eta bertan bildutako dirua Afrikan martxan dauden bi proiektu laguntzera bideratuko dute: Swazilandiako Manzini herrian erietxea eraikitzeko eta Rwandako Kabugako umezurtz-etxean eskola laguntza emateko.

Horrez gain, 41. Sagardo Txapelketa izango da, eta bertan parte hartuko duten sagardogileen sagardoa edateko aukera ere izango da. Bitartean, 12:00etatik aurrera, Beñat Lizaso, Julio Soto eta Sebastian Lizaso ariko dira bertsotan, eta Laja, Mikel eta Ezenarro trikitilariek girotuko dute plaza.

23 sagardogilek hartuko dute parte lehiaketan: "Plazako arkupea oso-osorik beteko da sagardogileen postuekin. Gehiagok ere parte hartu nahi izaten dute, baina tokirik ez dagoelako ezin diegu aukera eman", azaldu dute lehiaketaren antolatzaile Goikabi, Landeta eta Loiolatxo elkarteetako kideek.

Azken urteetan ohi bezala bi lehiaketa jokatuko dira sagardoaren bueltan, bata herriko elkarteetako ordezkariek epaimahai jardungo dutena, eta bestea sagardozaleen epaimahaiarena. "Azpeitia sagardoarentzako plaza garrantzitsua da, bertan sagrado asko saltzen delako", diote antolatzaileek: "Horregatik, denak sagardo on samarrarekin etortzen saiatzen dira".

Emakumeak sagardo lehian

Txapelketaren antolaketan eta epaimahaian emakumeak parte hartzea nahi dutela nabarmendu dute, prest leudekenak aurkitzeko zailtasunak dituztelako. "Saiatu gara aurten ere, baina ez dugu lortu. Baina bateren bat prest balego, txapelketaren egunean etor dadila epaimahaira edota sagardoa ateratzera". Txapelketaren hasieratan, emakumeek parte hartzen zutela gogoratu dute, eta haiek egindako lana aipatu dute. "Aurrean, epaimahaian eta, gizonezkoak azaltzen baziren ere, atzean lanean jarduten zutenen artean baziren emakumeak ere; Miren Zinkunegi eta Maitere Gurrutxaga aritzen ziren lehiaketara tortillak eta arrautza egosiak prestatzen. Haiei ere aipamena zor zaie".

San Inazio bezperan, txupinazoan ere parte hartuko dute aurten sagardo lehiaketa antolatzen hasi zirenak. Haietako bat Javier Garate da, eta garai batekoak oroitu ditu: "Gu hasi baino aurreragotik plazako kioskoan egiten zuten sagardo txapelketa, edaria kiosko azpian hozten jarrita. Gero, gu azoka plazan hasi ginen egiten, baina kiosko azpian edukitzen genituen sagardoak freskatzen". Berdura Plazan mahaiak jartzen ziren sagardoa edateko, baina txiki gelditu zen jendea harat-honat ibiltzeko. "Garai hartan jendeak kalean ez zuen gaur egun adina sagardo edaten; mahaiaren bueltan jarrita, bai". Urte askoren ondoren, plazan egiten dute txapelketa.

Hondakinak birziklatzeko deia

Azpeitiko Udalak Gugandik hasita hondakinak birziklatzeko kanpainarekin segiko du jaietan ere. Horregatik, herritarrei hondakinak bereizita botatzeko eskatu die, plazan jarriko dituzten edukiontzien bidez. "Jaiak ondo pasatzeko denon alaitasuna eta parte hartzea beharrezkoa izango da, baina horri loturik, errespetua ere ezinbesteko tresna izango da. Errespetua gure ondokorekiko eta baita ingurumenarekiko ere", adierazi du udalak.