Auto Klasikoen Rallya jokatuko da zapatuan

Uztarria.eus 2013ko uzt. 23a, 14:00
Joxe Labaka eta Aitor Otaegi azpeitiar gidariek hartuko dute parte rallyan.

25 urte baino gehiago dituzten autoak hartuko dute parte lasterketan. 11:00etan abiatuko dira epaitegi aurretik, eta 20:10ak inguruan amaituko da rallya. 280 kilometro egingo dituzte guztira. Ondoren, afaria eta sari-banaketa izango dira Pastorkuan. 

Zapatuan, uztailak 27, X. Auto Klasikoen Rallya jokatuko da Azpeitian. 25 urte baino gehiago dituzten autoak 11:00etan abiatuko dira Azpeitiko epaitegi aurretik. Elosua, Elgeta, Etumeta, Urraki, eta Zaldibi inguruan ibiliko dira autoak, eta bi atsedenaldi egingo dituzte: lehenengoa, Errezilgo Letea jatetxean, 14:15ak inguruan, eta bigarrena Gabiriko Korta erretegian. Lasterketa 20:10ak inguruan amaituko da, eta ondoren, sari-banaketa eta afaria izango dira Pastorkuan. 

Guztira 40 bat lehiakidek hartuko dute parte rallyaren X. edizioan. Parte hartzaile gehienak Euskal Herrikoak izango dira, baina badira Kanarietako parte hartzaileak ere. Joxe Labaka eta Aitor Otaegi azpeitiarrek ere hartuko dute parte. 

Parte-hartzaileek 280 kilometro egingo dituzte guztira, eta horietatik %85a kronometratuko dituzte. Trafikoa ez dute moztuko, hori da rally honen berezitasuna. Beraz, edozein ezusteko har dezakete gidariek, eta horrek guztiz baldintzatzen du lasterketako azken emaitza.