Azoka Herritik-ek Azpeitiko ekonomia sustatzea izango du helburu

Urola Kostako Hitza 2013ko uzt. 19a, 19:23
Herriko hainbat erakunde, talde eta eragilek bat egin dute Azoka Herritik ekimenarekin.

Irailaren 20an, 21ean eta 22an egingo dute, eta herritar guztiek parte hartzeko aukera izango dute azokan.

Azoka Herritik ekimena antolatzen hasita daude irailaren 20, 21 eta 22rako. Alde Zaharra biziberritzeko ikuspegiarekin heldu diote azoka antolatzeari, baina herrira zabalduz eta herritarrak batuz. Atzo, osteguna, aurkeztu zuten egitasmoa. Ekimena aurrera ateratzeko lanean ari diren eragileetako ordezkariek nabarmendu dutenez, azokaren helburuetako bat Azpeitiko ekonomia sustatzea izango da, "ekonomia herritarren, bertako ekoizpenaren, salmentaren, sorkuntzaren eta elkartasunaren elkargune bezala ulertuta".

Azoka Herritik ekimena herriko hainbat eragileren eta erakunderen adostasunetik abiatu zuten, baina bidean "gehiago bildu" nahi dituzte. "Gure asmoa herritar guztiengana hedatzea da".
Diotenez, azokaren beraren oinarriak "berezia eta aberatsa" egiten du. "Azoka herritarrok eta herritarrontzako antolatutakoa da". Ekimenak "nahi duten guztientzako" ateak zabalik dituela azaldu dute. "Proposamen, ezagutza, kezka eta proiektuak zabalik hartuko ditugu".

Herritik herrirako

Herriko egoera kontuan hartuta antolatu dute irailerako azoka. Horregatik, helburuen artean ekonomia sustatzea dute. "Egoera ekonomikoak gurean sortu dituen ondorioen jakitun gara. Lantegiak itxitzeak eta herriko hainbat sektore ekonomikoren egoera korapilatsuak ataka larrian utzi ditu hamaika azpeitiar. Izen-abizenak dituzten herritarrak dira, familiakoak, gertukoak, lagunak, bizilagunak, azpeitiarrak. Eta egoera pertsonal zehatzetatik abiatuta, Azpeitiak duen
arazoaren aurrean kokatzen gaitu", azaldu dute antolatzaileek Azoka Herritik egitasmoaren aurkezpenean.

Dena den, ekimena "bide berriak urratzeko pausoa" dela uste dute. "Azpeitia bizirik dago eta ez gaude geldirik egoteko". Azokatik abiatuta, "herritarrak oinarri, protagonista eta helburu" izango dituen Azpeitia eraiki nahi dute, "etorkizunari argi izpi bat eskainiz".

Herriko ekonomia bultzatzeko "neurri eraginkorra" bertan kontsumitzea dela ulertzen dute. Horregatik, herritik osatutako azoka antolatzea "derrigorra" dela pentsatzen dute.

Azoka Herritik ekimenak sektore ekonomiko zehatzen beharrei erantzun nahi diela aurreratu dute. "Merkatarien edota baserritarren beharrei, esaterako, baina baita herritarren beharrei ere". Horren harira, azoka osatuko dute, besteak beste, merkatarien stock azokak, baserriko produktuen azokak, artisautzak, bidezko merkataritzak edota "herritarrek etxean alferrik dituzten produktuen" bigarren eskuko azokak. Horiez gain, herriko taldeek ere beren tokia izango dute, produktuak, lanak, asmoak... erakusteko edota saltzeko.

Denek parte hartzeko aukera

Herria osatzen duten guztiek parte hartzeko aukera dutela nabarmendu dute. "Geure buruari nor garen erakutsi eta zertarako gai izan gaitezkeen konturatzeko ere balio behar duelako". Azken batean, antolatzaileen ustez, azokaren emaitza herriko eragileek egiten duten ekarpenaren tamainaren araberakoa izango da.

Azoka Herritik-en egitarau zehatza irailean aurkeztuko dute. Bitartean hori osatzeko lanean ari dira, baina jasotzen ari diren erantzuna kontuan hartuta, "azokak egitarau zabala eta erakargarria" izango duela diote. "Laupabost gune nagusi izango ditu, 100 postutik gora egongo dira, kultur ekitaldi ugari, erakustaldiak, tailer interesgarriak... Asteburu oparoa izango da", esan dute.

Azoka, zubi berrien hasiera

Antolatzaileek ez dute nahi asteburu batean hasi eta bukatuko den azoka soilik izan dadin. Azoka zubi eta bide berriak jorratzeko abiapuntu izatea dute helburu. "Herriko talde eta eragile ekonomikoak harremanetan ipiniz eta elkarlanerako zubi berriak eraikiz; Azpeitian bizitzeko, kontsumitzeko, lan egiteko eta gozatzeko modu berri bat antolatuz; eta bide batez, egun hauek herri solidario, sortzaile eta alai baten erakusleiho bihurtuz".