Corrugados Azpeitian "irregulartasunak" salatu ditu LAB sindikatuak

Uztarria.eus 2013ko uzt. 8a, 20:30

Kaleratzeak exekutatzen hasi izana gaitzetsi eta Azpeitiko zuzendaritzaren jarrera kritikatu dute: laminazio saileko "informazioa bildu" eta Azpeitiko beste enpresa batera eraman dutela diote.

Corrugados Azpeitia enpresan "irregulartasunak ematen ari direla" esan du LAB sindikatuak gaur, astelehena, hedabideetara igorritako prentsa ohar batean.

"Alfonso Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitiako langile guztiak kaleratzeko aurkeztutako eta exekutatzen hasitako LET-aren inguruan ematen ari diren hainbat gorabehera eta irregulartasun salatu nahi" ditu LABek. Ekainaren 19tik 21era gauzatu ziren aurreneko 88 kaleratzeen inguruan, "salatu beharra dago enpresak jakinarazi duela, nahiz eta finikitoa eta atzeratutako soldatak ordaintzeko dirurik ez izan, langileak kaleratzen jarraituko duela. Hau erabat onartezina iruditzen zaigu ez direlako legea betetzen ari eta langileenganako suposatzen duen errespetu faltagatik".

Kritikarik zorrotzena, dena den, enpresaren Azpeitiko zuzendaritzari zuzendutakoa da. Hain zuzen ere, "laminazio sailaren inguruan ematen ari diren mugimenduak salatu" nahi izan ditu LABek, "beti ere enpresa batzordetik helarazitako informazioaren arabera". Sindikatuak enpresa bideragarria "behin eta berriz errepikatu" duela ekarri due gogora, "horretarako beharrezkoak diren erabakiak hartuz gero", baina Azpeitiko zuzendaritzako kideek bideragarritasunaren aldeko apusturik ez dutela egiten deritzote, eta aipatutako "mugimenduak" plazaratu ditu: "Gerentea, laminazioko arduraduna eta Ofizina Teknikoko beste langile bat Azpeitiko beste enpresa batera joan dira eta, antza denez, beste hainbat langile enpresa hortara joatekoak dira. Lantegiko planoak eraman dituzte, laminazio sail guztiko argazkiak egin eta eraman dituzte, proiektu bat dela eta lantegiko elektroniko bati enpresa hortara joateko deika ari dira eta lantegi horretan laminazioko makinak egiten hasteko departamendu berri bat jarri dute martxan".

LABen arabera, mugimendu horiek azalduko lukete zuzendaritzak "otsailean Gipuzkoako Aldundiaren gestioen bidez Uruguairako 150.000 tonako lan karga lortu zenean azaldu zuen interes eta profesionaltasun falta. Orain, laminazio sailean ematen ari diren mugimenduak kontuan izanik ulertzen dugu zergatia; alegia, ordurako zuzendaritzako kideek eta beste zenbait enkargatuk  kontratua eteteko salaketa sartua zutenez, ebazpena atera bitartean, Corrugados Azpeitiako laminazio saileko informazioa bildu eta aipatutako beste enpresa hortara eramatea".

Zuzendaritzari bideratutako kritikak osatzeko, LABi "erabat lotsagarria eta inongo justifikaziorik ez duena" iruditzen zaio "langileak halako egoera dramatiko bat bizitzen ari direnean, Corrugados Azpeitiako zuzendaritza erabat desagertuta" egotea eta Enpresa Batzordeko kideei "eskatutako dokumentazioa ez helaraztea".

Bestetik, erakundeen jarrera ere salatu du LABek bere oharrean: "Ez dakigu Alfonso Gallardori jasotako 5 milioi euroko diru-laguntza itzultzea eskatu zaion edota 2 milioi euroko BEZa atzerapenez ordaintzea onartuko zaion. Ez dugu ulertzen instituzioen ixiltasuna, ez dugu ulertzen langileekiko konpromisu publikorik eza".