Markel Olano Batzokian

Uztarria.eus 2013ko uzt. 4a, 18:58

Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaile eta ahaldun nagusi ohi Markel Olano Azpeitiko Batzokian izan zen atzo, asteazkena. 50 alderdikide eta alderdizaleen aurrean eman zuen hitzaldian, legealdiaren erdiari buruzko hainbat gogoeta plazaratu zituen. Egoera ekonomikoaz aritu zen bereziki Olano, eta Bilduren jarduera kritikatu zuen.

"Gipuzkoak egoera zaila bizi du eta bailara honetan, besteak beste, Corrugados edo Azcue enpresen kasuek agerian uzten dute nolakoa den egoera. Enpresek eta langileek behar dute erakundeek industria-politikak lehenestea, krisiari aurre egiteko", adierazi zuen Olanok. Haren ustez, ordea, Bilduk beste lehentasun batzuk ditu. "Legealdiaren erdian argi gelditu da ekonomiaren egoera ez dela Bilduren lehentasuna, izan ere, dirudienez, Bilduri bakarrik axola dio hondakinen kudeaketa", esan zuen.

Argazkian, Aitor Gorrotxategi zinegotziaren eta EAJren Azpeitiko lehendakari Pello Elorzaren artean ageri da Markel Olano. (EAJ)