Zezenketen aldeko argudioei "buelta bat" emanez

Uztarria.eus 2013ko uzt. 2a, 19:31
Oinatzeko kideak Sanagustinen, erakusketa jarri duten tokian.

Oinatz Elkarte Animalistak erakusketa jarri du Sanagustin kulturgunean, uztailaren 15a arte. Zezenketen inguruan herrian "debatea sortzea" eta ikusleak "biktimaren tokian jartzea; zezenaren tokian, alegia" dira antolatzaileen helburu nagusiak.

Irudiak eta testuak dira Oinatzek prestatu duen erakusketaren osagarriak. Hamaika panel zintzilikatu dituzte Sanagustinen. Panel bakoitzean, irudi adierazgarrien gainean, esaldiak eta galderak daude: zezenketen aldeko argudioak batetik, eta argudio horien kontrajarrian zezenketen kontrakoak, bestetik. Eta, panel bakoitzaren alboan, testu labur bana, paneleko gai nagusiaren gainean. Erakusketa osatuz, bideo bat ere ikus daiteke; lidia-rako litzatekeen zezen bat erosi eta etxean hazi zuen lagun batena da bideoa.

Saninazioetako zezenketen bezperetan jarri dute erakusketa Oinatz elkartekoek, "zezenketa zaleen arrazoiei buelta bat" emanez. Zezenketen inguruan herrian "debatea sortzea" eta ikusleak "biktimaren tokian jartzea; zezenaren tokian, alegia" dira antolatzaileen helburu nagusiak. Izan ere, herriko elkarte animalistaren kideen ustez "oso inportantea da herrian eztabaida sortzea. Zezenketa zaleek harro agertzen dute euren zaletasuna. Aldiz, zezenketak nahi ez dituztenak ez dira horrenbeste nabarmentzen, pasiboagoak dira". Oinatzekoentzat Azpeitian "jende asko dago zezenketen kontra", baina "herri honetan jendeari apuroa-edo ematen dio azaltzeak".

Erakusketa osatzeko materiala hainbat iturritatik hartu dute, "bilketa lana izan da". Aurrena, panel bakoitzean zer argudio eta nola azaldu erabaki, eta gero panel bakoitza osatzeko materiala, irudiak eta testuak, atondu dituzte.

Erakusketa gaur, asteartea, hasi da Sanagustinen, eta hilaren 15a arte egongo da ikusgai.