Joxe Gabirondo eta Alaitz Imaz txapeldun Euskal Herriko V. Sega Ligan

Uztarria.eus 2013ko uzt. 1a, 19:43

Joxe Gabirondok eta Alaitz Imazek jantzi zituzten atzo, igandea, Azpeitian Euskal Herriko V. Sega Ligaren txapelak. Gabirondok ligaren aurreko bi saioetan irabazitakoari esker lortu zuen azken garaipena, Azpeitiko Ikastola Ikasberri ondoko zelaian laugarren postuarekin konformatu beharra izan baitzuen. Azpeitiko saioan Igor Esnaola izan zen azkarrena, Jexuxmari Goenaga errezildarraren aurretik; Bixente Mitxelena sailkatu zen hirugarren. Ligako sailkapen nagusian, berriz, Esnaola sailkatu da Gabirondoren ondoren, eta Goenagarentzat izan da hirugarren tokia.

Emakumezkoetan, Azpeitiko saioaren sailkapenaren lehen bi postuek bat egin dute Ligakoarekin. Horrela, Alaitz Imazek irabazi zuen atzo eta berarentzat izan da txapela, atzetik Irati Astondoa duela. Atzoko saioan Ainhoa Mazkiaran izan zen hirugarrena; Ligan, aldiz, Alazne Etxaburuak osatu du podiuma.

Gaztetxoen mailan, aurreko bi jardunaldietan nagusi izan zen Unai Mitxelenak ezin izan zuen atzokoan parte hartu eta, horrenbestez, Azpeitian irabazle izan zen Aimar Garmendiak jantzi du txapela.