Azpeitian erabakiko da Euskal Herriko V. Sega Liga, igandean

Uztarria.eus 2013ko eka. 28a, 18:33
Irati Astondoak, Manuel Unanuek eta Garikoitz Lobregatek atzo, osteguna, aurkeztu zuten sega saioa udaletxean.

11:30etik aurrera jokatuko da txapelketaren hirugarren eta azken saioa, Azpeitiko Ikasberri Ikastola alboko zelaietan; 35 segalari inguru espero dira eta sarrera borondatezkoa izango da. Irailean Europako Txapelketara joateko txartelak ere jokoan izango dituzte segalariek.

Euskal Herriko V. Sega Ligaren hirugarren eta azken jardunaldia Azpeitian jokatuko da igandean, ekainaren 30ean. Almitza Sega Elkartekoek martxoan aurreratu bezala, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren ondoko zelaietan erabakiko dira ligaren irabazleak eta, horrekin batera, irailean Hego Tirolen jokoan izango den Europako Sega Txapelketarako txartelak ere Azpeitiko saiotik aterako dira; hamar gizonezkok eta bost emakumek osatuko dute euskal ordezkaritza.

11:30ean hasiko da ordu eta erdi-bi ordu iraungo duen sega ikuskizuna. Sailen zozketa egingo dute aurrena, eta eguerdian ekingo diote lehiari. 35 segalari inguru espero dira eta hiru txapel izango dira jokoan: gizonezkoena, emakumezkoena eta gaztetxoena. Udaben eta Zaldibian jokatutako ligako aurreko saioen ondoren, Joxe Gabirondo dago gizonezkoen sailkapenaren buru. Igor Esnaola dago bigarren tokian eta horien atzetik, puntutan berdinduta, Jexuxmari Goenaga, Bixente Mitxelena eta Mikel Garaialde. Almitzako Garikoitz Lobregaten esanetan, Gabirondok duen abantaila galtzea zaila izango da, "baina bigarren eta hirugarren postuetarako oso borroka polita dago". Emakumezkoen lehian, berriz, "dena erabakitzeko" dago; Alaitz Imaz, Alazne Etxaburua eta Irati Astondoa daude sailkapenaren lehen hiru tokietan. Gaztetxoetan, azkenik, hiru lehiakide ari dira ligan: Unai Mitxelena, Aitor Intxausti eta Aimar Garmendia.

Txosna ere bai

Igandekoa "ekitaldi oso polita" izango dela uste du Manuel Unanue Udaleko Kirol batzordeburuak. Sarrera borondatezkoa izango da eta, Unanuek aurkezpenean aurreratu zuenez, "hamaiketakoa egitea nahi duenak horretarako aukera ere izango du", ikastolako gurasoek txosna jarriko baitute.