Olatz Izagirre eta beste 39 gazte epaituko ditu Auzitegi Nazionalak urriaren 14tik aurrera

Uztarria.eus 2013ko eka. 27a, 15:10

Seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak auzipetuentzat, Segiko kide izatea egotzita. 40 gazteren kontrako epaiketa hasi eta hiru egunera, urriaren 17an, hasiko da herriko tabernen auzia. Tartean da, Orkatz Kultur Elkartea.

Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna urriaren 14tik aurrera epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste 39 gazterekin batera. Urriaren 14an hasiko da Segiko kide izatea egotzita auzipetutako 40 gazteren kontrako epaiketa, etaurriaren 14an, 15ean eta 16an, azaroaren 25an, 26an eta 27an eta abenduaren 9an, 10ean eta 11n egingo dituzte auzi-saioak. Seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak gazteentzat.

2009ko azaroan polizia operazio zabala egin zuten Euskal Herrian. Segi gazte erakundearekin lotura dutelakoan 36 gazte atxilotu zituzten Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Lapurdin. Azpeitian ere izan zen Guardia Zibila, azaroaren 23 gauean. Herrian bizi zen Urnietako Olatz Izagirreren etxean izan zen, haren bila joanda, baina ez zuten bertan aurkitu. Hala ere etxea miatzen jardun zuen Guardia Zibilak.

Orduko polizia operazioaz geroztik, Donibane-Lohitzunen bizi zen Olatz Izagirre iheslari politiko gisa, eta 2010eko maiatzaren 6an atxilotu zuen frantziako poliziak Ziburun. Berarekin batera, Asier Coloma, Gaizka Likona eta Carlos Renedo atxilotu zituzten.

2010eko ekainaren 15ean Izagirreren kontrako euroagindua onartu zuen Paueko auzitegiak, eta orduan Avilako (Espainia) Brieva espetxean sartu zuten preso. 2011ko urriaren 8an utzi zuten baldintzapean aske, 12.000 euroko fidantza ordainduta.

'Herriko tabernen auzia'

Segi gazte erakundearekin lotura dutelakoan auziperatutako 40 gazteen epaiketa hasi eta hiru egunera, urriaren 17an, izango da herriko tabernen auziaren lehenengo saioa. Euskal Herriko beste hainbat elkarterekin batera, Orkatz Kultur Elkartea ere auziaren barruan dago.