Mikel Labaka: "Futboletik aparte beste gauza batzuk egiteko ilusioa daukat"

'Gara' | Kirolak
2013ko eka. 25a, 12:03

Azpeitia bere herriko Uztarria Interneteko ataritik iritsi zen albistea atzo goizean. 33 urte betetzear dela, Mikel Labaka (1980-08-10) jokalari ohiak futbola uzteko erabakia hartu du. Bizitza erdia Realean eman eta gero, Rayo Vallecano Madrilgo taldean pasa ditu azken bi denboraldiak. Orain, bizitzako beste arlo batzuetan sakondu nahi du: bere bi alabak zaintzea eta ingelesa ikasten jarraitzea, besteak beste. Naturaltasunez eman nahi dio gipuzkoarrak amaiera futbolari. Eta naturaltasun osoz erantzun dio Gara-ri.

Askok ez zuten zure burua Realetik kanpo ikusten, baina duela bi denboraldi Rayora joan zinen. Orain, ia 33 urte dituzula, futbola uztea erabaki duzu. Zergatik?

Azken erabakia egun hauetan hartu dut, baina denboraldi honetan banentorren uzteko ideiarekin. Abuztuan 33 urte beteko ditut, dezente daramatzat futbolean jokatzen, bi alaba dauzkat... Futboletik aparte nire bizitzan beste gauza batzuk egiteko ilusioa daukat. Gauza horiek guztiak baloratuta, uste dut erabaki onena zela horrela utzi eta beste gauza batzuetan sakontzen hastea.

Reala utzi zenuenean prentsaurrekoa eman zenuen. Oraingoan ez duzu holakorik egin nahi izan. Zergatik?

Harro nago futbolean egindako guztiagatik. Elkarrizketak eman izan ditut, baina futbola utzi dudala esateko behar hori ez dut sentitzen. Oso kontzientea naiz nik futbola utzi dudala esatea baino gauza askoz garrantzitsuagoak daudela egun gizarte honetan. Badakit nire bizitzako parte garrantzitsu bat dela futbola, baina niri eta nire ingurukoei eragiten digun erabaki bat da. Orduan, naturaltasunez egin nahi dut.

Nola baloratzen duzu futbolean egindako ibilbidea?

Oso positiboa izan da. Zortea izan dut futbol profesionalean urte dezente jokatzen jarduteko, eta niretzat pribilegio bat izan da. Momentu, egoera eta jende pila bat ezagutu ditut. Gehiago ezin izan dut egin, beraz, lasaitasun horrekin gelditzen naiz; momentu guztietan saiatu izan naiz ahal nuen onena ematen.

Realean zentratuz, zer eman dizu talde txuri-urdinak zure ibilbidean zehar?

Realean 16 urtetik 31 bete arte egon naiz; hamabost urte dira, ia bizitza erdia. Momentu eta bizipen asko ditut. Oraindik ere lagun onak ditut, nire bizitzan garrantzitsuak direnak. Ekonomikoki ere, egonkortasun bat eman dit, baina batez ere futbolean jokatzea izan da niretzat garrantzitsuena. Espero dut lagun horiek niri bizitzatik sekula ez ateratzea.

Eta zer eman dio Mikel Labakak Realari?

Kirol ikuspegitik, zale bakoitzak baloratu beharreko kontua da. Baina nik emateko nuen guztia eman diot. Nire partetik, dena jarri dut eta lasaitasun horrekin geratzen naiz.

Zein momentu gogoratuko zenuke zure ibilbidean?

Une onak eta txarrak aipa nitzake, baina debutatzen duzun unea edo Realarekin igoera lortu genuen unea gogoratuko nituzke. Pertsonalki, Euskal Herriko selekzioarekin jokatzeko aukera izatea berezia izan da, jokatu dudan partida bakoitza berezia izan den bezala. Une zoriontsu asko izan dira, eta sufritu ere sufritu dugu. Hori bai, ez nuke une horietako bat bera ere borratu nahiko.

Euskal Selekzioa aipatu duzula, kasualitateak kasualitate, Anoetan jokatu zenuen azken partida kamiseta horrekin izan zen. Zer sentitu zenuen?

Orain konturatu naiz datu hortaz. Orduan ez nekien nire azkeneko partida izango zela. Poz handia sentitzen da zelaian zaudenean Euskal Herriko selekzioarekin jokatzen; baina, bestetik, pena handia da egoera oraindik ere horrela egotea. Danoi dagokigu Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren alde pausoak ematen segitzea. Dena den, etorkizunari itxaropentsu begiratzen diot. Uste dut herri honek benetan nahi duela selekzioaren ofizialtasuna; aukerak daude eta egin egingo da.

Reala utzi behar zenuela jakinarazi zenuen momentu hura, gogorra izan al zen zuretzat?

Bai, oso gogorra. Italian nengoen Realarekin denboraldiaurrea egiten, eta Italiako kontzentrazio hori utzi eta Azpeitira bueltatzea jakinda Reala utziko nuela, oso gogorra egin zitzaidan. Momentu hori oso momentu berezia bezala gordeta daukat. Prentsaurreko hartan, gainera, inguruko lagun asko joan ziren babesa ematera; oso berezia izan zen niretzat.

Eta hemendik aurrera, zer egiteko asmoa duzu?

Orain ez daukat luzarorako proiekturik. Normal bizi nahi dut, jende guztia bizi den bezala. Oso gutxi gara futboletik bizi garenak, eta, aldiz, gehiengo handi bat osatzen dute futboletik aparte bizi direnek. Nik horiek bezala bizi nahi dut: normal, naturaltasunez, bi alabak zaintzen, Madrilen hasitako ingeles ikasketekin jarraituz... Entrenatzaile izateko bi titulu ere badauzkat. Epe motzean ez naiz pentsatzen hasi, baina etorkizunean ez diot ezerri ateak ixten.

Egunen batean Realan ikusten al duzu zeure burua?

Oso goiz da hori esateko. Ez diot aukera horri aterik itxiko, baina, futbola utzi badut, ez da horretan pentsatzen ari naizelako.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu