Gurutzeak belarretan

Jose Luis Otamendi (idazlea) 2013ko eka. 24a, 13:23

Oraintxe urtebete inguru sartu zitzaigun bihotzean Azpeitiak aspaldi handian ezagutu duen lan gatazka gorrienaren gezia. Iazko ekainean bihurtu zen mugagabe Corrugados Azpeitia-ko greba, eta egunotan hasi dira kaleratze-gutunak jasotzen langileak.

Ordutik hona, gutxi-asko eguneroko paisaia erreala eta paisaia sentimentala zeharo aldatu zaigu denoi: bateko pankartak, langile urkatuen panpinak direla, besteko elastiko laranjak, itxialdi garaiko txupinazoak; hango elkarretaratze eta kanpaldiak, hemengo elkartasun aldarriak, batzarrak, agerraldiak…eta zurezko gurutzeak bazterretan.

Gogotik nekez joango zaigun garai bat ekarri du gure herrira Corrugadoseko borrokak. Itxi ez den eta udan oporrik hartu nahi ez duen eskola handi bat da. Eskola gogor bat. Zer dago bide alboetan landatutako gurutze horien atzean?

Gauzak noraino iritsi diren erakusten du, eta tristea ere bada hau esatea, baina badirudi une honetan Corrugados bizirik mantentzeko aukera ia bakarra langileek auzitara jotzea dela. Eta hala egingo omen dute: auzitara jo eta borrokan segi.

Lehen ere epaitegiek bitan behintzat kendu izan diote arrazoia nagusiari, baina hark berean jarraitu du. Enpresak laguntza publikoak jasotzearren emandako hitza behin eta berriz jan izan du, eta hogeita hamaika eskutik eginda fabrika ixteko asmoari sendo eusten dio nonbait. Legea berdina izango da denontzat, baina askoz hagin zorrotzagoak ditu batzuekin besteekin baino.

Eta bitarte honetan zenbat buruhauste eta kontraesan ez du sortu gure artean sutegi horretako gorabeherak. Askotan, gehiegitan seguru asko, aipatu izan dugu zein elkartasun maila kaskarra erakutsi izan zuten behin edo behin Martzialeneko langileek: dena ahaztu egin al zaigun kolpetik, ez direla hiru urte ere igaro, ez al garen akordatzen babesa nola ukatu zieten eske joandako grebalariei, berekoiak izan direla, otzan amorratuak, diruzaleak… Zer ez ditugu esan, borrokaren lazerian estu eta larri dabiltzanek gehien behar dutena elkartasun keinu edo adierazpen bat izan denean.

Baina izan da horretatik ere, jarduna jardun, batzuetan epel, bestetan bero,  Azpeitiko herriak berak dakien era berezian, behin baino gehiagotan egin izan du bat Etxe Handiko langileekin. Horrela ere esaten baikenion gaztetan bigarren izenez Martzial Uzinen fabrikari, Etxe Handia, lan etorkizun seguru baten sinonimo jotzen baitzen, istripuen arriskua gora behera. Inork ba al daki, lur azalean jositako gurutzeen azpian zer dago?

Aspalditik ezagun dugun kontua izan arren, geure buruari sarri berritu behar izaten diogu gogotik joan ez dakigun: egiten ditugun borroketan ez dira borrokan dabiltzanenak bakarrik erabakitzen, egiten duena, nahita edo nahigabe, egiten ez dutenentzat ere ari da. Borrokaren kalteak eta onurak kutsatu egiten dira, bakarrean eginda ere, bakarrak eginda ere, borroka beti da ekintza kolektiboa. Nondik datorren, eta dakartzan ondorioengatik diot.

Gainera, langileari jabetzerako malkartu ohi zaizkio zelaiak. Txoroa dela suertea, aldiak izaten dituela, onak batzuk eta txarrak besteak, gaur ni harrapatuko nauela agian, eta bihar zu, edo aldamenekoa. Eta elkar hartu ezean gure indarrak gutxi dezakeela, labur duela bidea gure arrazoiak, ahulak garela.

Azken urteari edo urte eta erdiari begira jarrita hemen, ematen du kukuak oker jo digula. Dena goitik behera dator: dendak, tailerrak, enpresa handi eta txikiak ixten, lan murrizketak, kale giroa negargarri samar … Datuak dira beldurra ematekoak, pobretzea orokorra. Gazte mordoa lehen lanpostua izatea zer den  jakin ezinik, eta langile asko eta asko, zaharra zein gaztea izan, lan neurri duinei eusteko gero eta aukera gutxiagorekin. Nola hazten dira gurutzeak belarretan?

Eta badira, ondo ikasitako letania baten gisa, errealitatea kontrajarri ohi diotenak lan eskubideen defentsan saiatzeari. Badirudi errealitatea deritzan horrek, bere hotz eta motzean, geure indarraren hutsala azpimarratzera, aldaketen ezintasuna  gauzen ordena naturalak ezarritako kondena balitz bezala onartzera behartzen gaituela, etsipenean erori eta denak berdin edo okerrago segi dezan beti. Zorioneko errealitateak berak egunero erakutsiko ez baligu bezala, jendearen ekinaren eta kemenaren galgaren arabera egiten duela munduak aurrera, edo atzera.

Eskubideak eta duintasuna garesti ordaindu izan dira beti, eta Corrugadoseko langileei pagarazi nahi diete oraingoan langile jende askoren eskubide eta duintasunaren bahia. Ez da tailer bat soilik itxi nahi dutena, puska baterako Urola inguruotako ahotsa eta adorea nahi dute isilik, eta ezeztatuta ahal bada. Nahasmen garaiak bizi ditugu; inork krisi handi honen ondorioak borrokan ari direnei leporatu nahi izatea buru eta bihotz gutxikoa iruditzen zait oso.

Corrugadoseko langileek berriro adierazi dute hainbeste hilabetetako aurrez aurrekoaren ondoren ere ez daudela amore emateko, kaleratu arren ez dutela oporrik hartuko, finkatua dutela irailera arteko euren borrokaren agenda. Bizirik diraun bitartean, Corrugados Azpeitia argi izpi bat da ilunean. Egunero, ordu oro, uneoro berritzen den orainak oinarri tinko bat, oinarri zintzo bat behar du, eta hori da niretzat borroka egitearen funtsa.

Egurrezko gurutze horiek emango dute fruitua!