Azpeitiko Zezenzale Batzordea: "Lehenengo zezenak eta gero horientzat toreatzaile egokiak aukeratzen saiatu gara"

Uztarria.eus 2013ko eka. 24a, 12:01
Zezenzale Batzordeko kideak eta saninazioetan izango diren toreatzaile batzuk, Loiolan.

Ekarriko dituzten zezenak, Celestino Cuadri (Huelva, Andaluzia, Espainia), Palha (Porto Alto, Portugal) eta Pedraza de Yeltes (Salamanca, Espainia) ganadutegikoak dira. Azken urteetako legez, desenkajonamendua eta hiru zekorketa izango dira Azpeitiko zezen-plazan saninazioetan. Sarrerak uztailean eskuratu ahal izango dira.

 

Joan den ostiralean aurkeztu zuen Azpeitiko Zezenzale Batzordeak aurtengo saninazioetako zezenketetako kartela, Sindikatu Zaharrean, hainbat herritarren aurrean. "Lehenengo zezenak eta gero horientzat toreatzaile egokiak aukeratzen" saiatu direla esan zuten. Ekarriko dituzten zezenak, Celestino Cuadri (Huelva, Andaluzia, Espainia), Palha (Porto Alto, Portugal) eta Pedraza de Yeltes (Salamanca, Espainia) ganadutegikoak dira.

Celestino Cuadri ganadutegiko zezenak aurrenekoz izango dira Azpeitian, uztailaren 30ean, eta Uceda Leal, Javier Castaño eta Ruben Pinar toreatzaileak arituko dira. Manuel Escribano, Alberto Aguilar eta Paco Ureña hilaren 31ko zezenketan izango dira, Palha-ko zezenekin. Hirugarren eta azken zezenketa abuztuaren 1ean izango da, eta Manuel Jesus El Cid, Ivan Fandiño eta David Mora izango dira toreatzaileak. Pedraza de Yeltes ganadutegiko zezenekin aritu beharko dute.

Zezenzale batzordeko ordezkariez gainera Azpeitiko zezen-plazan toreatuko duten hiru toreatzaile ere izan ziren ostiraleko aurkezpenean, eta Aguilarrek, Ureñak eta Pinarrek esan dutenez "gogoarekin eta ilusioz" daude Azpeitian jarduteko.

Alfredo Casas kazetariak ere hartu du parte aurkezpenean, honen arabera, Azpeitiko zezenketak "zezen festen egutegian bere lekua du, eta festa honek gipuzkoarron sentimenduarekin lotura sendoa du. Festak ez du mugekin, banderekin eta ideologiekin zerikusirik; are gutxiago Azpeitian, antolatzaileek ongintzazko helburuak bakarrik baitituzte". Casasen arabera, Azpeitiko zezenketetara datozenek aberastasuna dakarte, "hemengo jatetxeetan-eta jaten baitugu, hemengo kaleetan ibiltzen gara eta gero batzuk pilotalekura doaz pilota partidak ikustera eta beste batzuk zezen-plazara, ordainduta, zezenak ikustera". Azpeitiko Zezenzale Batzordeak egindako lana eskertu du horregatik.

Zezenketetarako sarrerak

2012ko uztailaren 30, 31 eta abuztuaren 1ean izango diren zezenketetarako abono zaharrak berritzeko eta berriak egiteko aukera izango da uztailaren 21era bitartean, takilan (Udaltzaingoaren bulegoaren ondoko lokala, Plaza txikian). Telefonoz ere egin daiteke eskaria (943 15 71 60). Uztailaren 21an 20:00etarako abonoak jasotzen ez dituztenek, horretarako eskubidea galduko dute. Abonoz kanpoko sarreren salmenta uztailaren 23tik aurrera egin ahal izango da, eta Internet bidez ere erosi ahal izango dira hemen.

Uztaileko astegunetan 18:00etatik 20:00etara bitartean izango da zabalik takila. Launbat eta jai egun bezperetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara. Egunean bertan zezen-plazan ere salduko dira egun horretako zezenketari dagozkion sarrerak, 16:00etatik aurrera.

Saninazioetako zezenketetako egitaraua:

- Uztailak 28, igandea: 18:30ean, desenkajonamendua.

- Uztailak 30, asteartea: 18:00etan hasiko da. Celestino Cuadri ganadutegiko zezenak eta Uceda Leal, Javier Castaño eta Ruben Pinar toreroak ariko dira.

- Uztailak 31, asteazkena: 18:00etan izango da. Palha ganadutegiko zezenak eta Manuel Escribano, Alberto Aguilar eta Paco Ureña toreatzaileak ariko dira.

- Abuztuak 1, osteguna: 18:00etan. Pedraza de Yeltes ganadutegiko zezenak, eta Manuel Jesus El Cid, Ivan Fandiño eta David Mora ezpatariak ariko dira.