"Harrapatu egiten zaituen liburua"

Uztarria.eus | Kultura
2013ko eka. 22a, 11:00

Herrian eta lagunez inguratuta aurkeztu du Iñigo Ibargurenek hirugarren eleberria: Triangelu irristakorra. Argitaletxe batek -Fernando Morilloren Gaumin- argitaratu dion aurreneko lana da eta hori "aurrerapauso polita" izan dela dio azpeitiar egileak.

Ezkerretik eskubira, Imanol Amenabar, IƱigo Ibarguren eta Fernando Morillo, aurkezpenean.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Iñigo Ibargurenek (Azpeitia, 1979) bere azken lana, Triangelu irristakorra eleberria, aurkeztu zuen ostiral arratsean Enparan Dorretxeko Udal Liburutegian. Imanol Amenabar Udaleko Kultura batzordeburua eta Gaumin argitaletxearen arduradun Fernando Morillo ondoan zituela, etxekoen eta lagun askoren babesa izan zuen ekitaldian Ibargurenek. Haien artean zen Peru iloba ere, "polit askoa"; harentzat izan zituen lehen hitzak egileak.

Malanjeko taupaden atzetik Uztarriarekin eta Iraganaren pisua autoedizioaren bidetik plazaratu ondoren, Triangelu irristakorra da argitaletxe batek argitaratu dion lehen liburua eta hori "aurrerapauso polita" izan dela dio azpeitiar egileak. Fernando Morillok kontatu zuenez, orain dela urte eta erdi jaso zuten Gauminen Ibargurenen lana "eta izugarri gustatu zitzaigun. Hasieratik harrapatu egiten zaituen liburua da". Une hartan ezin izan zioten azpeitiarraren obrari heldu, baina azkenean iritsi zaio ordua. Literatur lanek argia ikustearen zailtasunak ekarri zituen gogora eguneko protagonistak: "Kanpotik ikusita erraza ematen du, baina ez da hain erraza izan, nire kasuan behintzat".

Ibargurenek esker oneko hitzak izan zituen Fernando Morillo eta Naiara Ibar Gaumin argitaletxeko arduradunentzat. Sektoreko enpresa handiagoak hain larri dabiltzala ikusita, "argitaletxe batean horrela arriskatzeagatik, baliente izateagatik" eskerrak eman zizkion Morillori: "Seguru nago jende asko dagoela oso ondo idazten duena, eta kostatu egiten da aukera bat ematea". Ibarri, berriz, "isilpean" egindako lan guztia eskertu zion, "eta badakit asko izan duela, testua orrazten eta".

Pertsonen arteko harremanak

Triangelu irristakorra-ren edukia azaltzerakoan, "pertsonen arteko harremanaz hitz egiten du batik bat". Harreman pertsonalak, gizarteko arazo ezagun zenbaitekin ezinbestean nahastuta, Ibargurenek berak Uztarriari kontatu bezala. "Gehiegi esplikatzea ere ez dut nahi, bestela ez duzue eta leituko!", bota zuen umoretsu idazleak aurkezpenean. Liburua "irakurtzeko erraza" dela esan zuen, erdi-txantxetan "nahita ere ezingo nuke konplikatua idatzi" gaineratuta. Morilloren ustez, ordea, oso erraz irakurtzen da, oso interesgarria delako".

Liburutegiko ekitaldian elkartu zirenek egileari galderak egiteko aukera izan zuten. Orain aurkeztu duen liburua idazten urtebete inguru eman zuela azaldu zuen Ibargurenek -"ez naiz oso diziplinatua, behin ere ez naiz izan"-. Idazten hasten denean idazlanak izango duen luzera, neurri fisikoa, aurrez jakitea ezinezkoa izaten zaiola ere esan zuen: "Batzuetan, eman behar pertsonaiek bizitza propioa hartzen dutela, beraiek eramaten zaiituzte batetik bestera". Aurrera begira jarrita, anaia Gorkak zirikatuta, "zerbaitetan" ari dela ere aurreratu zuen, "amaren istorioekin dokumentatzen".

Liburua non erosi

Triangelu irristakorra erosi nahi duenak Gaumin argitaletxearen webgunean eskura dezake, "eta bidalketa gasturik gabe", Fernando Morillok gogorarazi zuenez.

"Eskatzen diguten liburutegietan" ere salduko dutela esan zuen azpeitiar idazle eta argitaratzaileak. Azpeitian, ordea, momentuz Iratzar liburudenda itxita dagoela kontuan izanda, oraindik ez dute zehaztu non salduko duten.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu