Arte eta Diseinu ikastegikoen ikasturte amaierako erakusketa, Betharramen

Uztarria.eus 2013ko eka. 21a, 20:02

Gaur, ostirala, ireki dute eta ekainaren 30era arte bisitatu ahal izango da, astegunetan arratsaldez (18:00-20:00) eta asteburuetan eguerdi partean (12:00-14:00).

Urtero ohi dutenez, Arte eta Diseinu ikastegikoek azken hilabeteetan ikasitakoa eta egindakoa erakutsiz agurtuko dute aurten ere ikasturtea. Erakusketa gaur, ostirala, ireki dute Betharrameko aretoan eta ekainaren 30era arte bisitatu ahal izango da, astegunetan arratsaldez (18:00-20:00) eta asteburuetan eguerdi partean (12:00-14:00).

Arte eta Diseinu ikastegiak askotariko ikastaroak eskaintzen dizkie urtean zehar bere ikasleei. Ikastegiko arduradunen hitzetan, "hauen helburua, besteak beste, herritarron arteko kultur eta arte harremanak garatzeaz gain, gazte zein helduentzako geroz eta ekintza aberasgarri gehiago lantzea da".

Ikasle guztien lanekin osatu dute erakusketa. Bertan, ikastegiko hiru tailerretako lanak ikusi dezakegu: margolanak, hainbat teknika erabiliz egindako marrazkiak, egur tailak eta eskulanak.

---

Arte eta Diseinu Zentroa. Sorrera: 1980. / Hasieran Arteak eta Lanbideak zituen jarduera nagusi, gero Irakaskuntza Arautuan aritzeko baimena lortu zuen, Industria-Diseinua eta Barneetako Diseinua emanik. 1992an Arte eta Diseinu Ikastegia bihurtu zen, eta ikastaroak, seminarioak eta moduluak ematen ditu. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak