Azpeitiko hondakinen akordioa positiboa dela dio Errazkinek, "derrigortasunaren kontzeptua ardatz" duelako

Uztarria.eus 2013ko eka. 21a, 20:15

Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Batzar Nagusietan agerraldia egin du eta han galdetu diote Udalak hartutako erabakiaz.

Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan da gaur, ostirala. Azpeitiarrak lurraldeko birziklatze tasak izan ditu hizpide agerraldian eta, besteak beste, Azpeitian hondakinen bilketaren gainean Udalak maiatzean hartutako erabakiaz galdetu diote. Azpeitian lortutako akordioa positiboa dela esan du Errazkinek, "derrigortasunaren kontzeptua ardatz" duelako "eta %70eko birziklatze tasetara iristeko konpromisoa" ere barne hartzen duelako.

Errazkinek azaldu duenez, Gipuzkoan gaur egun %35 birziklatzen da bosgarren edukiontzia duten herrietan; lau edukiontziko sistema dutenetan %30, eta atez atekoa dutenetan % 70etik gora. Lurralde osoan, %33 da birziklatze tasa. Errazkinek adierazi du datuok mankomunitateek emandakoak direla eta laster jakinaraziko dituela, zehatzago, Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Datuok ikusita, orain arteko bosgarren edukiontzia pausotxo bat da, baina argi dago ez dela nahikoa; 2016rako %60ko birziklatze tasa lortu nahi badugu, batez ere", adierazi du.

Lapatx ixteko konpromisoa

Gipuzkoan irekita mantentzen diren hiru zabortegien iraupenaz ere hitz egin du Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. "Europak aspaldi esan zuen ezin zela hondakinik tratatu gabe isuri eta, beraz, premiazkoa da lehenbailehen lurraldeko zabortegiei irtenbidea ematea", gogorarazi du. Eta, ildo horretatik, bere departamentuak Lapatx, Sasieta eta Urteta 2014ko abenduaren 31rako ixteko konpromisoa berretsi du.