San Joan sua baino lehen piztuko dute festa Urrestillan

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko eka. 20a, 20:02
Iazko San Joan bezpera gauean, arbola sartu aurreko kalejira.

Ekainaren 22tik 26ra, zapatutik asteazkenera, luzatuko dira aurten sanjoanak. Festa Batzordeko kideek ekitaldiak antolatzerako orduan adin guztietako herritarrak hartu dituzte kontuan. Azpeititik Urrestillarako joan-etorria egiteko autobus zerbitzua jarri dute hiru egunerako: zapatua, igandea eta asteazkena.

Sanjoanak herri, auzo eta kale askotan ospatuko dituzte asteburuan. Urrestillan, ordea, festa egun handiak izango dituzte, etzi (zapatua) hasi eta asteazkenera bitartean. Jaiak antolatzeaz Urrestillako Festa Batzordea arduratzen da, baina ekitaldiak aurrera eramateko Azpeitiko Udaletik jasotako laguntzaz gainera, Urrestillako beste hainbat talderen eta lagunen laguntza izaten dutela azaldu du Anne Unanue festa batzordeko kideak. "Gazte afaria antolatzen Herri Batzordekoek lagunduko digute, eta herri afarian, berriz, Antxieta elkartekoen laguntza izaten dugu".

Festak hasi aurretik, egitarauarekin batera aldizkaritxo bat ateratzen du batzordeak. "Herrian banatzen dugu", dio Unanuek. "Aurten garai bateko festen inguruan idatzi dugu aldizkarian", gaineratu du. Festa aurreko lanetan hamar bat lagunek hartzen dute parte. "Aurten, gainera, gazte batzuk gehitu zaizkigu batzordera". Baina larunbatetik aurrera ekitaldiak aurrera ateratzeko hogei bat lagunek esku hartuko dute.

Festak antolatzerako orduan, "adin guztietako jendearentzako ekitaldiak prestatzea" izaten dute kontuan, lehenbizi. San Joan bezpera eta eguna zein egunetan egokitzen diren kontuan hartzen dute. "Ez baita gauza bera asteburua edo asteguna egokitzea". Aurten, bezpera kenduta, beste egunak asteguna egokitu direnez jendea Urrestillako festetara gerturatzeko amu bezala Errimak Oinetan eta Lakrikun antzerki taldearen Prest gaude antzezlana antolatu dituzte gauez.

Azken urteetan, herritarrek festetan parte hartzeko ahalegina egiten ari da Urrestillako Festa Batzordea. "Betiko zenbait ekitaldi mantendu, baina beste berri batzuk sartu eta probatzen ari gara azken urteotan, jendearen parte-hartzea sustatu nahian", azaldu du Unanuek.

Aurtengo sanjoanetan ere Azpeititik Urrestillara joateko eta handik itzultzeko autobus zerbitzu berezia egongo da, Azpeitiko Udalak jarrita. Aurten, gainera, hiru egunetan egongo dira autobusak. Larunbatean, >Azpeitiko anbulatorio aurretik 18:00etan eta 22:30ean abiatuko da, eta itzulerakoa 03:00etan eta 06:00etan izango da; igandean, Azpeititik 22:30ean irtengo da, eta bueltakoak 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan izango dira; asteazkenean, berriz, zuhaitza botatzen ikusteko, 22:30ean izango da autobusa Azpeititik, eta 01:30ean itzulerakoa Urrestillan.

Gazte afarirako txartelak salgai

Zapatuan, ekainaren 22a, Sorgin Egunaren barruan egingo den gazte afarirako txartelak salgai daude oraindik. Urrestillan, Oto, Azpillaga eta Auntxa tabernetan eros daitezke, eta Azpeitian Izaro eta Orkatz tabernetan.

Txartelak 12 eurotan (langileentzat) eta 10 eurotan (langabetu eta ikasleentzat) jarri dituzte salgai.

Sanjoanetako egitaraua

Ekainak 22, zapatua. Sorgin Eguna

  • 18:00. Triki-bertso-poteoa.
  • 21:00. Gazte afaria.
  • 23:00. Kontzertuak: Belar Txarrak eta Zopilotes Txirriaos.

Ekainak 23, igandea. San Joan bezpera

  • 20:00. Poteo herrikoia.
  • 21:00. Pregoia, agurra, txupinazoa eta, segidan, herri afaria, frontoian.
  • 00:00. San Joan arbola sartzea.
  • Segidan, San Juan sua piztuko dute.
  • 00:30. Dantzaldia, Laket taldearekin.

Ekainak 24, astelehena. San Joan eguna

  • 12:00. Meza nagusia.
  • 12:45. Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua.
  • 13:00. Erraldoiak eta buruhandiak.
  • 17:30. Umeentzat erromeria.
  • 22:00. Errimak oinetan ikuskizuna. Eguraldia txarra bada frontoian, eta bestela plazan.

Ekainak 25, asteartea. San Joan Txiki

  • 12:30. Sagardo dastaketa, Oto tabernaren eskutik.
  • 14:00-14:45. Muserako izen-ematea, plazan, zubi gainean.
  • 15:00. Mus txapelketa, herriko tabernetan. Finala Oto tabernan jokatuko da.
  • 16:00. Puzgarriak haurrentzako.
  • 17:00. Haurrentzako merienda.
  • 22:00. Lakrikun antzerki taldearen Prest gaude antzezlana, frontoian.
  • 22:00. Salsa gaua, txosnetan.

Ekainak 26, asteazkena. San Joan hirugarrena

  • 17:00. Haurrentzako eskulanak.
  • 23:00. Arbolaren entierroa.