Nagore Illarramendi: "Guztira 80-100 lagun inguru izango gara biharko emanaldian"

Uztarria.eus 2013ko eka. 20a, 16:00
Iraurgiko koruko txikienak kontzertu batean.

Iraurgi Ikastetxeko abesbatzak hamar urte bete ditu aurten. Urteurrena ospatzeko, bihar, ekainak 21, emanaldi berezia eskainiko dute Soreasu antzokian, 19:00etan hasita. Egungo koruko ikasleez gainera, abesbatzaren sorrerako urteetan ibilitakoak ere igoko dira oholtzara, eta zenbait musikariren laguntza ere izango dute. 

Nagore Illarramendik inork baino hobeto ezagutzen du Iraurgi Ikastetxeko abesbatzak egindako ibilbidea, hamar urte hauetan berak jardun baitu zuzendari lanetan. Abesbatzaren helburua "euskal kantak bultzatzea" izan dela dio hasiera-hasieratik. Uztarria.com-ek Illarramendirekin hitz egin du biharko kontzertuaz eta bestelakoez.

Biharko emanaldian hamar urteotan abesbatzan parte hartu duen jendea igoko da oholtzara. 

Guztira 80-100 lagun inguru izango gara emanaldian parte hartuko dugunak. Adinaren arabera, bost taldetan banatuta abestuko dugu. Gazteenek bederatzi urte inguru dituzte, eta abesbatzaren hasieran ibili zirenek, berriz, 23-edo. 

Emanaldia dela-eta, normalean baino gehiago entseatu al duzue?

Gaur egun abesbatzan dabiltzenekin ohiko saioak egin ditugu, eta astean bitan biltzen gara. Urtean zehar joan gara prestatzen bihar abestuko ditugun kantak. Besteekin, jada koruan ez dabiltzenekin, ordea, biltzeko egunak adostu behar izan ditut, eta gehiago entseatu dugu. 

Biharko kontzertua berezia izango denez, zerbait desberdina prestatu al duzue?

Nik normalean eskusoinuarekin laguntzen dut korua. Bihar, ordea, Felipe Murillo, Unai Frantzesena eta Asier Aizpururen laguntza izango dugu. Horrek ukitu polita emango dio emanaldiari, oso dotorea irtengo dela uste dut. 

Nolakoa izan da koruaren hamar urte hauetako bilakaera? 

Abesbatzaren helburua euskal kantak bultzatzea izan da hasiera-hasieratik. Ohartu nitzen umeek ez zekizkitela euskal abestien letrak, ezta doinuak ere, eta hori aldatzeko beharra sentitu nuen. Gaur egun ere horretan dihardut. 

Abesbatzan izena ematen duen ikasle kopurua hazi egin da. Orain 50 bat biltzen gara eta hasieran 20 edo 30 ginen. Bitxia iruditzen zaidana mutilen kasua da. Lehen lau edo bost animatzen ziren asko jota, eta denek antzeko jarrera zuten: mutil ausartak ziren. Berdin zitzaien besteek esaten zutena, eta garbi zuten abestea gustuko zutela. Orain, berriz, hamabost edo hamasei mutil animatzen dira urtero, eta denetarik dago. 

Biharko ekitaldirako ikasle ohiekin biltzen hasi nintzenean ere, mutil asko animatu zen. Harritu egin nitzen, baina poz handia eman zidan. 

Zer esango zenioke Iraurgiko koruan parte hartu nahi duenari?

Abesbatzan izena ematea boluntarioa izan da beti, eta eskolaz kanpoko ekintza edo jarduera da. Animatzen ziren guztiak onartu ditugu beti. Inori ez diogu esan ez etortzeko gaizki abesten duelako. Denei esaten diet animatzeko, gutxienez probatu dezaten zer den, eta ez bazaie gustatzen, uzteko lasai. 

Hemen biharko emanaldian, adinaren arabera banatuta, abestuko dituzten kantuak:

Txikienek: 

  • Uso zuria

  • Oriko xoria

  • Iturengo arotza

DBH 1, DBH 2 eta DBH 3:

  • Amaren besoetan

  • Kupela

  • Furra furra

DBH 4, Batxilergoa 1 eta Batxilergoa 2:

  • Egun da santimamiña

  • Maitasun hitzak

  • Haika mutil

Eskolaz kanpokoek:

  • Mendian gora country

  • Xalbadorren heriotza

  • Txantxibiri (atxiketan potxiketan) 

Hasierakoek:

  • Loretxoa

  • Merezi ote

  • Agure zaharra

Denek batera:

  • Guk euskaraz

  • Lepoan hartu