Igandean dantza emanaldiarekin ospatuko da San Juan bezpera

Uztarria.eus 2013ko eka. 20a, 12:24
Iaz ere plazan egin zuten ekitaldia.

Plazan izango da emanaldia, 22:00etan hasita, eta sua pizteaz gain dantza ikuskizuna eskainiko dute Itsasi dantza taldekoek.

Sanjoanak ospatuko dituzte asteburutik aurrera Urrestillan eta Oñatzen, eta igandean, San Joan bezperan, sua piztuko dute Azpeitiko plazan ere. Usadioari jarraituz, herriko baserri, auzo eta txokotan piztuko dute sua, eta azken urteetako gisan Azpeitiko Udalak ere emanaldia antolatu du igande gauerako.

22:00etan hasiko da ekitaldia, eta Itsasi dantza taldekoek San Juan Zortzikoa zein beste hainbat dantza egingo dituzte suaren ondoan, plazan. Emanaldian dantza taldeko helduek zein gazteek hartuko dute parte.

 

Itsasi Euskal Kultur Taldea. Sorrera: 1977. / Itsasi Euskal Herriko dantza talde bat da, eta bere helburua euskal kultura landu eta zabaltzea da. Orain dela 23 urtetik ari da lan horretan, euskal dantzak mundu osora zabaldu nahian. Dantza eta musika eskola ditu, ttuntturroak, danborradako taldea... / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak