Liliko Madalen azpeitiarrak

Uztarria.eus 2013ko eka. 19a, 21:20
Ainhoa Casina eta Leire EgaƱa, ezker-eskubi.

Ainhoa Casina eta Leire Egaña dira Zestoako jauregian abian jarri duten antzeztutako bisitaldi gidatuetan aktore lanak betetzen dituzten lau aktoreetako bi. Jauregiaren historia eta, bereziki, Lilitarren azken etxekoandrea "kristoren aurkikuntza" izan dira bientzat. Proiektuan parte hartzea, berriz, sekulako esperientzia.

XVII. mendeko aberats arropetan oinarritutako jantzi dotore "eta pisutsua" soinean, aurretik ezagutzen ez zuten jauregian eta ezagutu berri duten emakume baten azalarekin. Horrela dabiltza azken hilabeteetan Ainhoa Casina (Azpeitia, 1978) eta Leire Egaña (Azpeitia, 1976). Zestoako antzerki eskolako kideak dira eta handik bueltan iritsi zaie Agur Lili-n parte hartzeko aukera.

Zestoako Udalak eta Ekainberri Fundazioak bultzatuta sortu dute aurten bertan Agur Lili, Zestoako izen bereko jauregiaren historia antzeztutako bisita gidatuen bidez ezagutzera emateko. Eta Madalen Amilibiaren pertsonaia aukeratu dute historia horren berri 'zuzenean' emateko; jauregian bizi izan zen azken lilitarraren emaztea, jauregiko etxeandrea zen Andre Madalen. Lau aktore txandakatzen dira haren rola jokatzeko, eta horietako bi dira azpeitiarrak. 

Nola iritsi zitzaizuen Liliko Madalenen rola jokatzeko aukera?

Ainhoa Casina: Denbora zeramaten Zestoan proiektu bat sortu nahian. Amancayrekin [Gaztañaga, eskolaren zuzendaria] harremanetan jarri ziren Ekain Fundaziokoak, Udalarekin batera proiektu ezberdin bat egitea nahi zutelako; ohiko gida baten ordez, antzeztutako bisita gidatuak egitea oso ondo egongo litzatekeela pentsatuta. Amancayk baietz esan zuen, oso gustura gainera, zestoar batentzat hor parte hartzea oso garrantzitsua delako. Erabaki zuen lau figura izatea, adin desberdinetako lau emakume; printzipioz horrela probatuko genuela, batik bat txandakatu ahal izateko. Larunbat eta igandetan eta jai egun guztietan daude bisitak, asteburuero sei guztira, eta guk beste lan batzuk ere badauzkagu.

Leire Egaña: Laurok egonda, azkenean kontua da txandatzen joateko aukera izatea. Zentzu horretan, momentuz ondo ari gara moldatzen.

Ainhoa Casina: Lau pertsona desberdin ere bagara, eta adin desberdinetakoak, eta horrek beste aukera batzuk ere irekitzen ditu. Ez daukagu gidoi bat.

Noiz hasi zineten pertsonaia lantzen?

LE: Otsaila izango zen, lantzen hasi ginela.

AC: Alberto Santana historialariak egiaztatutako informazioa jaso eta testu bat idatzi zuen, baina ez gidoi edo monologo bat bezala. Hark datuak eman zizkigun: garaiari buruzkoak [XVII. mendean bizi izan ziren azken lilitarrak jauregian, tartean Madalen], Liliko jauregian zer egiten zen... Guk esaten dugun dena egia da, ez dago asmatutako ezer. Horiek oinarri hartuta, pertsonaia bat osatzen saiatu ginen.

LE: Hori izan da gure ardatza. Amancayren laguntzarekin, pertsonaiari forma, itxura eta nortasuna ematen joan gara. Gero, nahiz eta Andre Madalenek nortasun bat izan, geuk ere geure ukitua ematen diogu.

Andre Madalen bakarra baitzen, baina zuek lau zarete.

LE: Lau Andre Madalen gara era berean, lau nortasun desberdin. Nik uste dut horrek beste puntu bat ematen diola, antzezpen bakoitza bestearekiko desberdina delako. Horrek ematen dio, era berean, aberastasuna.

Ainhoa Casina Liliko Madalenen rolean

Antzezpen gidatuetan, Andre Madalenek bisitariak etxean hartzen ditu, Liliko jauregian. Nolakoak izaten dira bisita horiek?

LE: Jendeak atea jotzen du eta guk, Andre Madalenek alegia, zabaltzen diegu atea. Ongietorria ematen die etxekoandreak eta tartetxo bat uzten die, sarreran dauden panel batzuk ikus ditzaten; esaten du momentu txarrean harrapatzen dutela, etxean azken eguna duelako eta alde egiteko prestatzen ari delako, eta une batean azken ukituak ematera alde egin beharrean dela. Hamar bat minutuz bakarrik uzten ditu bisitariak, Liliko jauregiaren historia eta bilakaera azaltzen duten panel horiei begira. Hamar minutu horiek pasatutakoan, jendearengana itzuli eta orduan hasten da bere azalpena edo monologoa.

AC: XV., XVI. eta XVII. mendeak, gaur egunekoak... Gure ideia da, bisitan dihoan jendeak, film batean bezala, toki hartan zer zegoen eta zer gertatzen zen imajinatzea. Lehen aipatutako datuak interpretazioaren bidez eta sentimenduarekin ematen ditugu. Gaur gaude, garai hartan gaude...

 

Momentu honetako bisitariekin zaudete, baina Madalenek Lilin pasatu zituen azken orduetan, era berean.

AC: Bai, film batean flashback-a erabiltzen dutenean bezala da.

LE: Horixe da egiten duguna. Momentu batean ari gara esplikatzen gaur egun gure etxea, gure jauregia nola dagoen; eta hortik abiatuta gure garaian, Madalenen garaian, nolakoa zen esplikatzen dugu, gaur egun jadanik ez dauden gauzak eta elementuak nolakoak ziren azalduz.

AC: Andre Madalenen begietatik, 1680an Liliko jauregia nolakoa zen ikusten du jendeak. Orain dela urte gutxi arte Lilin jendea bizi izan da. Gauza asko joan dira aldatzen, zati bat erori egin zen... Orain dagoena garaiko altzariak dira, garaiko gauza pila bat, balio izugarria dutenak. Batzuk etxe bertakoak dira, baina beste batzuk ez, ekarri egin dituzte.

Pertsonaia bat hartu eta jarraipen bat emanda lantzea, zer moduzko esperientzia ari da izaten zuentzat?

AC: Oso aberasgarria. Eta hain gertu daukazun publiko baten aurrean antzeztea ere oso esperientzia aberatsa izaten ari da: begietara begiratze hori, aldamenean mugitze hori...

LE: Ez dauka zerikusirik eszenatoki batean egiten duzun antzezpenarekin. Eszenatoki gainean, azken finean, antzezlanean ari zara, baina jendea ez duzu hain garbi eta hain gertu ikusten. Lilin, berriz, jendearekin gertutasun izugarria daukazu. Hasieran zaila egiten da, baina ohitzen joaten zara. Eta guretzako erronka bat izan da. Egunak eta saioak pasatu ahala hobeto sentitzen zara. Errespetua beti ematen dizu, publikoa beti aldatuz doalako, beti da ezberdina, baina oso aberasgarria izan da guretzat.

AC: Asko eskertzen diegu gurekin kontatu izana bai zuzendariari, bai Udalari, Ekain Fundazioari eta Araziri. Beraiei esker ari gara esperientzia hau bizitzen.

Lehendik ezagutzen al zenituzten Liliko historia edo Madalen Amilibia? Nolakoa zen Madalen?

AC eta LE, aho batez: Kristoren aurkikuntza izan da!

LE: Nortasun handiko emakumea zen Madalen, eta emakume bezala hainbat alderdi edo fazeta zeuzkan. Ama izan zen baina, tamalez, oso txikitxoak zirela hil zitzaizkion umeak, eta trauma hori bizitzea tokatu zitzaion. Emakume fededuna ere bazen...

AC: Niretzako, matriarkatuaren adibiderik garbiena da. Agintea zuen emakumea zen, gizonekin negoziatzen ohitutakoa. Etxekoandrea zen, baina baita negozio-emakumea ere. XVII. mendean emakume batek langileen gain-eta horrelako agintea izatea, egundoko aurkikuntza izan da.

LE: Hark zeukan boterea, agiri garrantzitsuak-eta sinatzeko. Senarraren hitzak eta bereak berdin-berdin balio zuten. Garai hartan horrelakoak ez ziren hain ohikoak.

AC: Gainera, Lili senarra zuen, bera Lilira ezkontza bidez etorri zen.

Zer moduzkoa ari da izaten jendearen, ikusleen erantzuna?

AC: Harrituta gaude. Asteburuero sei aukera daudela kontuan hartuta, eta aurrez erreserbatu beharrik ere ez dagoela [saioa baino ordu erdi lehenago arte eros daitezke sarrerak]... Hasieran bai espero genuela jendea, Zestoa bertatik eta hemen ingurutik, Azkoititik, Azpeititik... Baina, gerora ere, Zestoan mugimendu handia dago, bainuetxearekin, Arocena hotelarekin, Ekainberrira joaten den jendearekin. Horrelakoak ere ari dira hurbiltzen eta, gero, ahoz ahokoa ere funtzionatzen ari da. Aurrera begira honekin jarraitzea da ideia, udan emanaldiak egunero egitea. Geldituko ez den gauza bat izango da, proiektu dinamikoa izatea nahi dute, jarraipena izango duena. Ohiko bisitaldi gidatua ez izatea, horixe da finko mantenduko den bakarra.

Ikusleen jatorriari dagokionez, nongoak dira orain arte gehien joan zaizkizuenak?

LE: Donostiakoak, Pasaiakoak...

AC: Arrasatekoak, Bizkaikoak...

LE: Eta profil oso desberdinetako jendea: gazteak etorri izan dira, bikoteak umeekin, jende adintsuagoa... Denetik eduki dugu.

Eta ikuskizunari egiten dioten harrera, nolakoa da? Zuei zuzenean iritsi al zaizue ikusleek jaso duten inpresioa?

LE: Hori asko aldatzen da taldearen tamainaren arabera. Taldea txikia denean, familia giroan bezala izaten dira emanaldiak. Bukaeran, hori bai, jendearen aurpegietara begiratu eta badakizu gustatu al zaien. Beti dago gerturatu eta zerbait positiboa esaten dizun norbait, edo zoriondu egiten gaituzte. Alde horretatik esker oneko lana da.

AC: Geuk galdetu egiten diogu jendeari, baina baita bulegora joatea gomendatu ere. Han galdeketa bat egiten diete ikusleei, bisitaldia gustatu al zaien ala ez jakiteko; eta ikusleei iradokizunak egiteko aukera ematen zaie, hobetu edo aldatu daitekeen zerbait ikusi badute, esan dezaten.

Eta, kexarik jaso al duzue?

AC: Ez, kexarik ez da egon, baina ekarpenak bai. Agur Lili-n plazaratzen dugunaren aldetik, harrera ona izaten ari da. Azkenean, gauza desberdin bat da. Museo batera bazoaz, gauza pila bat daukazu ikusteko. Hemen, epe motz batean, ideia batzuk jasotzen dituzu. Eta jendeari gustatzen ari zaio.

LE: Ideia batzuk eta, gainera, sentimendu batekin. Erakusten ditugun mahaiak, oheak, seaskak, ez dira edozein mahai, ez dira edozein ohe eta ez dira edozein seaska. Guztiek dute atzetik istorio bat, eta horiekin beste sentipen bat eransten diogu aktoreok azalpenei.

Aipatu duzuen ikusleen gertutasun horrek gertaera berezietarako tartea ere emango du, ezta?

AC: Bai, eta momentuz denak kontatzeko modukoak. Niretzat hunkigarria da ikuslea benetan paperean edo egoeran sartuta ikusten dudanean. Istorio bat kontatzen ari zara eta, bat-batean, norbaiti "a, baina hori gertatu zen?" ateratzen zaionean.

LE: Andre bat dut gogoan, zeharo sartuta zegoena. Esaten nuenean gure etxeko sagardoa oso ona zela, oso goxoa egiten genuela, baietz esaten zidan, bertan bizi izan balitz eta dastatu izan balu bezalaxe. Gero, saloia ikusi zuenean, "baina hemen nola berotzen zineten? A ze hotza pasatuko zenuten hemen!", esaten zuen. Benetako Madalenekin hitz egiten ari zela sinistuta!

AC: Jendearen jarrera oso ona da. Horren beldurra bagenuen pixkat; jendeak zer arretarekin jarraituko zuen gure lana, gu ere ez baikaude horrelakoetara ohituta. Hasieran, Ekaineko langileek laguntzen ziguten, gurekin etortzen ziren, taldeak jarraituz eta nola funtzionatzen zuen ikusteko. Dena berria baita, beste inon probatu gabe zeuden esperimentu bat. Guk akuri lanak egin ditugu, nolabait esateko. Baina, momentuz, ondo doa eta gauza politak gertatu dira.

Lili eta Agur Lili ezagutzera joan ez direnei zer esango zeniekete?

AC: Egundoko aukera dagoela leku oso berezi bat ikusteko, eta hementxe, aldamenean.

LE: Esperientzia berri bat, orain arte bizi izan ez dutena, zuzen-zuzenean bizi nahi badute, sartu daitezela Liliko jauregian. Historian itzuli bat egingo dutela, eta oso gustura geldituko direla. Gu, behintzat, oso gustura ari gara.