Corrugados Azpeitiako 76 langilek sinatu dute azkenean kitatze-agiria

Uztarria.eus 2013ko eka. 18a, 15:16
Corrugados Azpeitiako langileak enpresaren aurrean.

Kaleratze gutuna jaso eta gaur, asteartea, goizean lantegira finikitoa sinatzera joan direnean, ez dagoela kalte-ordaina emateko diru-sarrerarik adierazi diete eta hasieran ezin izan dute kaleratze agiria sinatu. Baina, eguerdirako kontua konpondu dute eta sinatzeko aukera izan dute.

Corrugados Azpeitiako egungo 278 beharginetatik 78k kitatze-agiria (finikitoa) sinatzera joateko gutuna jasota zeuden, eta enpresara joan egin dira langileak goizean, baina han jakinarazi diete ez dagoela kalte-ordaina emateko diru-sarrerarik. Eguerdirako, ordea, kontua konpondu dute eta hortik aurrera sinatzeko aukera izan dute; 76 dira gaur kitatze-agiria sinatu dutenak.

Negoziazio epea bukatuta

Corrugados Azpeitia, Corrugados Lasao eta Extremadurako Jerez de los Caballeroseko Ferromallas eta Siderurgica Balboako beharginen kaleratzeen gaineko Lana Erregulatzeko Txostenaren (LET) negoziazioa akordiorik gabe bukatu da. Langileek salatu dutenez, "ez da negoziaziorik izan, Corrugados Azpeitiako 278 langile eta Corrugados Lasaoko  38 kaleratzeko proposamenak aldaketarik gabe mantendu ditu-eta Gallardo Taldeak".

Langileen ordezkariek azaldu dutenez, "Gallardo Taldeak inposatu duen negoziazio formatuak ezinezkoa zen akordioa lortzea. Izan ere, Enpresa Batzordeak egindako proposamen guztiek ez dute ezertarako balio izan. Gallardo Taldeak ez ditu kontuan hartu euren aurkeztutako kontu ekonomikoei guk egindako zuzenketak. Ez du Corrugados Azpeitiako langile guztiak kaleratzea baino beste irtenbiderik ikusi nahi, eta ez du negoziatu nahi izan".

"Langileak nahasten"

Corrugados Azpeitiako ELA eta LABeko ordezkariek azaldu dute Gallardo "langileak nahastu nahian" dabilela azken egunotan: "Gallardo langileak nahastu nahian dabil, kalerapenetan bolondres apuntatu nahi dutenei diru gehiago eskainiz. Estrategia hori salatu nahi dugu, eta enpresa borondatez uzteko planak kale egin du horretarako prest langile gutxi batzuk (zortzi Corrugados Azpeitian eta lau Lasaon) agertu direlako. Langile gehienak lapostuak mantentzearen alde daude".

"Joku zikin" horren emaitza ikusita, Corrugados Azpeitian 80 kaleratze gauzatuko dituela salatu dute, eta "enpresak izan dezakeen etorkizunari muzin egin dio". "Kaleratzeekin ez da guretzat borroka amaitzen, borrokak iraun egingo du, gure enpresa zabalik eta produkzioarekin mantentzeko azken aukera erabili arte". 

Helegite kolektiboa jarriko dutela jakinarazi dute, eta railera bitartean mobilizatzen jarraituko dutela azaldu dute: “Suak piztuta iraun behar du”. Alfonso Gallardo Taldeak, Corrugadosen jabeak, irailera arteko epea du langileak kaleratzeko. Enpresa Batzordeko ordezkariek esan dutenez, "irailean langile guztiak kaleratuko ditu, baina enpresa ez du itxiko, eta gu ez gara geldirik egongo".

Instituzioen erantzunaren zain

"Instituzioak ez dira dagokien papera jokatzen ari", salatu dute: "Ez ditugu gure alboan ikusten une larri hauetan eta horregatik Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Gallardo Taldeari emandako bost milioi euroak bueltatzea exijitzeko eta Gallardok Gipuzkoako Foru Aldundiari ordaindu gabe dituen bi milioi eurokoak (BEZ) atzerapenez ordaintzea ez onartzeko". Gallardoren eredu enpresarialak "kaltea baino ez" duela ekarri salatu dute.

Joan den astean egin zuten Eusko Jaurlaritzarekin bilera Corrugados Azpeitiako langileek, eta oraindik "erantzunik ez" dutela jaso esan dute.

Lasaon berririk ez

Corrugados Lasaon ere langileak kaleratzeko asmoa du Gallardo Taldeak; 68 beharginetik 38. Lasaoko Enpresa Batzordeko Imanol Larrañagak azaldu duenez, oraindik ez dute lantegitik inor kaleratzeko abisurik jaso: "Langileak kaleratzeko epea iraila artekoa da, baina momentuz horren gainean ez dugu berririk jaso".