Ikastetxean zein herrian hondakinak murrizteko ideiak saritu dituzte

Uztarria.eus 2013ko eka. 11a, 19:46

Joan den ostegunean, ekainaren 6an, ikasturtean zehar Eskolako Agenda XXI egitasmoan landutakoen berri eman zuten herriko ikasleek, urtero legez, udaletxean. Han, besteak beste, 'Ideia onenen sariak' banatu zituzten. LH-ko ikasleek ikastetxean hondakinak murrizteko proposamenekin hartu dute parte lehiaketa horretan; DBH eta Batxilergokoek, berriz, herri mailan hondakinen murrizketa bultzatzeko proposamenekin. Hondakinen gaia izan da, hain zuzen, 2012-2013 ikasturtean Eskolako Agenda XXI-en barruan landu dutena.

LH-n saria Iraurgi Ikastetxeko 3. A gelakoek jaso dute, 'E-mailez komunikatu gaitezen' proposamenarekin. DBH eta Batxilergoko lehiaketaren saria, berriz, Urola Ikastolako 1D gelako Xabier Iturralde, Araitz Odriozola, Unai Alberdi eta Maialen Aizpururentzat izan da, ontzi menstrualen erabilera bultzatzearen aldeko proposamenarengatik. (AZPEITIKO UDALA)