Errezeta elektronikoa iritsi da Azpeitira

Uztarria.eus 2013ko eka. 7a, 20:23

Osakidetzaren txartelak paperezko errezetak ordezkatuko ditu, salbuespenezko kasu jakinetan izan ezik. Gaixo kronikoei, adibidez, hartzen dituzten botiken informazioa zuzenean sartuko diete txartelean; horrela, anbulatoriora joan beharrean zuzenean farmaziara jo beharko dute.

Ostegunetik, ekainaren 6tik, indarrean da Azpeitian errezeta elektronikoa. Horrela, aurrerantzean Osakidetzaren txartelak hartuko du paperezko errezeten tokia. Hala ere, etxean paperezko errezetak dituztenek horiek agortu arte erabiltzeko arazorik ez dutela izango jakinarazi diote Uztarriari Eizagirre farmazian.

Hori izan daiteke, hain zuzen, gaixo kronikoen kasua. Orain arte, egunero edo oso sarri errezetadun botikak hartu behar dituztenek hiruhilero jaso izan dituzte errezeta agiriak osasun zentroan. Kasu horietan, dagoeneko errezetatutako agiriek berdin balioko dute; paperezko errezetak agortutakoan aktibatuko zaie gaixo kronikoei beren osasun txartela. Eta, hortik aurrera, hiruhilero anbulatoriora joan beharrik ez dute izango; agortu ahala, txartelarekin, farmazian zuzenean emango dizkiete botikak. Gaixo kronikoen kasuan, hartzen dituzten sendagai guztien informazioa zuzenean bidaliko zaie txarteletara; eta, medikazioan aldaketaren bat agintzen zaienean, bakoitzaren medikuak sartuko ditu beharrezko aldaketak. Errezeta elektronikoarekin, hori bai, farmazietan ezingo diete ezer aurreratu. "Txartelean aktibatuta dutena bakarrik eman ahalko dugu", azaldu dutei Eizagirre farmazian; "errezetatuta daukaten kopuruarekin ez zaiela iristen ikusten badute, medikuarengana joan beharko dute".

Gainerako errezetekin ere hori izango da bidea: mediku batek paziente bati zerbait errezetatzen dionean, orain arteko paperezko agiria eman beharrean txartelari erantsiko dio informazioa, eta txartelarekin joan beharko du pazienteak farmaziara, botika eskuratzera. Salbuespenak ere badaude, ordea, eta zenbait botika (estupefazienteak eta txertoak, adibidez) eskuratzeko derrigorrezkoa izango da farmazian paperezko errezeta aurkeztea.

EAEn apirilean hasi ziren errezeta elektronikoa ezartzen. Orduan 25 herritan jarri zuten eta orain, ekainean, beste 23 herritara zabalduko dute. Azpeitiarekin batera, ostegunetik sistema aldaketa indarrean dute Azkoitian, Beasainen, Errezilen, Idiazabalen, Mutiloan, Ordizian, Seguran eta Zaldibian ere.