Meliton Rodriguez: "Gipuzkoarrei eliteko taldeekin lehiatzeko aukera ematen diegu"

Gipuzkoako Hitza 2013ko eka. 7a, 18:04

Iraurgi Cup futbol txapelketaren antolatzaile taldekoari elkarrizketa egin diote Gipuzkoako Hitza-n. 

Berrogeita bederatzi futbol talde, 2.000 lagun eta ehundik gora boluntario. Horiek dira aurten Iraurgi Cup futbol txapelketaren zenbakietako batzuk. Hori guztia kudeatzen, bost lagun; tartean, Meliton Rodriguez azpeitiarra (Extremadura, 1953). Kimuetako lehen urteko txapelketaren sortzailea da; 50.000 euroko aurrekontua dute aurten, eta "herriaren laguntza paregabea" ere bai: "Boluntarioen lanik gabe, txapelketa hau ez litzateke existituko: herriko enpresak, ostalariak, elkarte gastronomikoak... Denei eman nahi dizkiegu eskerrak". Ekainaren 1ean eta 2an jokatu zuten sailkapen fasea, eta hilaren 15ean eta 16an, berriz, fase nagusia. Informazio gehiago, iraurgicup.com webgunean.

Aurtengo txapelketa aurrekoa baino hobea izango dela esan zenuen egitasmoa aurkeztean. Zergatik?

Alde batetik, talde kopurua handitu dugulako. Iaz, hogei taldek parte hartu zuten txapelketan, -sailkapen fasea kontuan hartuta, 32k-, eta, aurten, 24 izango dira lehian -guztira, 49-. Kirol kalitateari dagokionez ere, ziur gaude aurten kalitate hobea egongo dela. Iazkoak berriz datoz, besteak beste, Bartzelona, Espanyol eta Athletic. Eta, gainera, sei talde lehenengo aldiz etorriko dira: Real Madril, Getafe, Sporting, Zaragoza, Celta eta Rayo Vallecano. Azken horri dagokionez, Mikel Labakari eskerrak eman nahi dizkiot, egin duen kudeaketa lanagatik.

Txapelketa hau 10-11 urte dituzten mutilentzat da. Horrelako besterik ba al dago horrelako kalitatearekin?

Kategoria honetan ez dago txapelketa hoberik, ez Euskadin eta ez estatuan. Taldeetako arduradunek berek esaten digute hori. Estatuan, Canal+ telebista kateko lehiaketak irabazten digu. Espainiako Ligako hogei taldeetako umeek parte hartzen dute, baina han aritzen direnak urtebete lehenago Azpeitikoan egoten dira.

Sailkapen fasea hemen inguruko taldeei begira antolatzen duzue.

Bai. Inguruko taldeei ahalik eta aukerarik zabalena ematen saiatzen gara beti. 25 taldetatik hemeretzi gipuzkoarrak dira, eta aurreneko laurek sari ederra dute: kakotx artean esanda, eliteko taldeen aurka jokatu ahal izatea. Horrela, gipuzkoarrei eliteko taldeekin lehiatzeko aukera ematen diegu.

Txapelketara aurreneko aldiz datorren Real Madril eta gisako taldeen aurka, hain zuzen ere.

Hala da. Kostatakoa izan da. Kimuen lehen urtean, talde bakarra dute, eta informazioa bildu nahi zuten etorri aurretik. Dirudienez, ontzat jo dute gure txapelketa, eta badatoz. Zerrenda pasatu ziguten, eta bitxikeria gisa esan behar dut Zinedine Zidane futbol jokalari ohi handiaren semeetako batek parte hartuko duela lehian.

Zein talde ikusten duzu irabazteko aukerarekin?

Adin hauetan, zaila da iragarpen bat egitea. Baina argi dago adin hauetan harrobia lantzen bada nabaritu egiten dela. Espanyol nagusitu da azken bi urteetan. Sevilla-Espanyol izan dira bi finalak, eta aurten ere goian ibiliko dira, ziur. Horietaz gain, Vila-realek ere harrobi oso ona izan ohi du; Athletic ere beti hor egon ohi da.

Txapelketan,kimuetako lehen urtekoak arituko dira, baina sailkapen fasearen ondoren, bigarren urtekoak, ezta?

Bai. Azpimarratu beharra dago hori. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol legeak debekatu egiten du kimuek lehen urtean txapelketetan parte hartzea. Gonbidatuta etortzen diren talde guztiak desberdintasun horren jakitun dira, eta ulertzen dute hala izatea. Beraz, sailkapen fasetik txapelketara pasatzen diren lau taldeetakoak eta gonbidatuta datozen Antiguoko eta Lagun Onak taldekoak urtebete zaharragoak dira.

Zer iruditzen zaizue Gipuzkoako lege hori?

Bitxia da, hemen bakarrik dagoelako. Guretzat ideala litzateke txapelketako futbolari guztiek adin bera izatea.

Aldundiko arduradunekin hitz egin al duzue horri buruz?

Bai, hitz egin dugu. Eta, txapelketa amaitu ondoren, berriz bildu behar dugu haiekin. Gure txapelketak izena hartu du jada, eta hurrengo urterako oinarriak zehaztu behar ditugu. Ea denok ahalegin bat egin eta lortzen dugun denek adin bera izan dezaten. Reala ez da etorriko kirol lege horren kontuarengatik. Saiatu gara irtenbide bat aurkitzen, baina ez da posible izan.

50.000 euroko aurrekontua duzue.

Bai. Kontuan izan behar da kanpotik datozen talde handiei gastu guztiak ordaindu behar zaizkiela; bestela, ez lirateke etorriko. Eta halaxe esaten dute. Gipuzkoako taldeak kenduta -Antiguoko eta Lagun Onak-, gainerakoei bidaiak, jana eta lo egiteko tokiak ordaindu behar dizkiegu.

Hemen, inguruko turismo sektoreak eskertuko du halako jende eta diru mugimendua, ezta?

Ostalarientzat eta turismoarentzat onuragarria da, dudarik gabe. Iraurgi Cup klubean hala ikusten dugu, eta alkateak berak ere hala esan du. Are gehiago, Azpeitiak duen egoera ekonomikoa kontuan hartuta. Gure aurreikuspenaren arabera, 2.000 lagun baino gehiago izango dira. Hotelak gainezka daude.

Antolatzaile gisa, zerk sortzen dizu zirrara gehien?

Txapelketa amaitzen denean, kiroldegian elkartzen gara antolatzaileak eta parte-hartzaile guztiak. Herri bazkaria egiten dugu. Han ikustea kataluniarrak, galegoak, madrildarrak... guztiak eskerrak ematen, eta gero postaz mezuak bidaltzen esateko zeinen atseginak garen euskaldunak... Hori da politena. Horretaz gain, txapelketan ikusten den kalitate apartak atentzioa ematen du.

Gurasoek ez al dizute galdetzen beren alabek noiz parte hartu ahal izango duten?

Lehen urtean antolatu genuen haur kategoriako neskentzako txapelketa bat. Iaz, ezinezkoa egin zitzaigun, eta, aurten, saiatu gara. Maiatzaren 25ean egitekoak ginen hainbat talderekin; tartean, eskualdeko selekzio bat. Azken momentuan esan ziguten egun horretan ezin zutela, oraindik liga amaitu gabe zutela. Egunak begiratzen aritu ginen, baina ez genuen ezer aurkitu. Gure asmoa neskentzat txapelketa polit bat antolatzea da udaberri aldera.