Espabilau Eguna ospatuko dute lasaotarrek zapatuan

Uztarria.eus 2013ko eka. 6a, 12:06
Duela bi urteko Lasaotarren Egunean hainbat lagun herri kiroletan.

Larunbateko Espabilau Egunerako antolatu dituzten bazkari eta afarirako txartelak salgai daude dagoeneko, eta gaur, osteguna, izango da txartelak erosteko azken eguna. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta ekimen guztiak Lasaoko pilotalekuan egingo dituzte.

Lasaotarren eguna, Espabilau eguna, antolatu dute auzotarrek larunbaterako. Hirugarren aldiz ospatuko dute lasaotarrek jai eguna, antolatzaileen arabera, "oso egun polita izaten delako". Festa egunaren helburua, Lasaon bizi direnak, senitartekoak eta lagunak biltzea da, horretarako adin guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatu dituzte. Ekitaldi denak Lasaoko frontoian egingo dituzte, Zestoako eta Azpeitiko udalen laguntzari esker.

Antolatutako ekintzetan parte hartzera ere animatu dituzte auzotarrak edota hauen lagunak. Larunbateko Espabilau Egunerako antolatu dituzten bazkari eta afarirako txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko, eta horiek eskuratzeko azken eguna gaur, osteguna, izango da. Izena emateko 645 716 587 telefono zenbakira deitu behar da.

Egitaraua:

11:00etan Lasaoko ttuntturroak eta trikitilariak.

11:00etatik 13:00etara herri kirolak. Lasaotarren arteko lehia. Lau talde ariko dira nor baino nor: Gazteak, gazte izaten segitu nahi dutenak, helduak eta berriro gaztetu direnak. Trontzan, sokatiran, txingetan, pilotan eta zaku lasterketan ariko dira. Tartean, hamaiketakoa eta salda egongo da.

13:00etan paella txapelketa. Herri kiroletan aritutako lau taldeen arteko lehiaketa.

14:00etan herri kiroletako eta paella txapelketako sari banaketa.

14:30etan herri bazkaria. Izena emateko ekainaren 5erako 645-716587 telefonora deitu behar da.

16:00etan mus txapelketa.

17:00etan haurrentzako jolasak eta herri kirolak.

18:30ean argazki erakusketa.

20:00etan Espabilau bertso kalejira, trikitilariek lagunduta.

21:00etan afaria. Izena ekainaren 5erako eman behar da 645-716587 telefonora deituta.