Bizitzaren pausoak Alde Zaharrean irudikatuta

Uztarria.eus 2013ko eka. 5a, 21:24
Ezkerretik eskubira, Alaitz Olaizola, Jaime Amenabar, Mari Jose Bikendi, Felipe Murillo eta Mikel Ibarzabal Sanagustinpean, 'Oinkadak'-en aurkezpenean.

Zapatuan, ekainaren 8an, plazaratuko dute herriko hainbat taldek elkarlanean prestatu duten Oinkadak kale ikuskizuna. Musika, dantza, antzerkia, kale animazioa... 19:30etan hasiko da ikuskizuna, plazan, eta beste lau gunetara zabaldu ondoren, plazan bertan bukatuko da. "Apustu ausarta" egin dutela diote antolatzaileek, eta eguraldia lagun izatea espero dute.

"Bizitzari begirada bat, ikuskizun bilakatuta, herriko kaleetan zehar". Horrela ere definitu daiteke Oinkadak, zapatu arratsaldean herriko Alde Zaharreko hainbat bazter eszenatoki bihurtuko dituen kale ikuskizuna. "Asteburu Musikalak egitasmoaren barruan ekitaldi desberdina egiteko gogoa" zutela dio Mari Jose Bikendi Juan Antxieta Musika Eskolako zuzendariak. Horrela elkartu dira "herriko faranduleroak", Alaitz Olaizolak beren burua aurkezteko erabili duen hitzetan.

Juan Antxieta Musika Eskola, Lakrikun Antzerki Taldea, Julian Barrenetxea Abesbatza eta Skandalue elektrotxaranga dira, hain zuzen ere, Oinkadak antolatzearen ardura hartu duten faranduleroak, Azpeitiko Udalaren eta Kultur Mahaiaren babesarekin.

Kultur proposamen berria izateaz gain, jendetsua ere izango da Oinkadak, antolatzaileen bueltan talde eta eragile askok bat egin dutelako. Hona hemen parte-hartzaile guztien zerrenda: Juan Antxieta Musika Eskola, Julian Barrenetxea Abesbatza, Lakrikun Antzerki Taldea, Emakumeen Antzerki Tailerra, Haur eta Gazteen Antzerki Tailerra, Emakumeen Txokoko batukada, Ikasberriko antzerkilariak, Dantza Suelto eskola, Baigera, Dantzaki dantza taldea, Azpeitiko Musika Banda, Azpeitiko Argazki Elkartea, Erlo Telebista, Larrañaga Telekom, Amamantzat guapuek eta Sanagustin Kulturgunea. Horiekin batera, kale animazioa ere izango da ikuskizunean, besteak beste Andoni Bastarrikaren eta Sebastian Biassiren parte-hartzearekin.

Bizitza oinkadaka eta kalez kale

Musika, dantza, antzerkia eta beste hainbat elementuz baliatuta, "bizitzaren etapa desberdinak islatuko" ditu ikuskizunak, Mari Jose Bikendiren hitzetan. Pertsona batek bizitzaren etapa batetik bestera bezala, "guk ere oinkada asmo eman behar izan ditugu, hau prestatzeko", dio Barrenetxeako zuzendari Jaime Amenabarrek. Etapa eta aro bakoitzak eszenatoki edo txoko bat izango du, guztiak herriko Alde Zaharrean. Izan ere, "Alde Zaharra biziberritzeko proiektuaren barruan" ere kokatu nahi izan dute ekimena, Mikel Ibarzabal zinegotziak nabarmendu duenez.

Bizitzaren sei aro irudikatuko dituzte: jaiotza (plazan, hasieran, 19:30ean), haurtzaroa (Done Jakue kalean, Frontoi Txikiaren eta parkearen bueltan), nerabezaroa (Erdikalen), heldutasuna (Perez Arregi plazan), zahartzaroa (Plaza Txikian) eta agurra (plazan). Skandalueko Felipe Murilloren esanetan, "ideia da gunetik gunera elkarrekin joatea. Denok gonbidatuta zaudete".

"Apustu ausarta" da Oinkadak antolatzaileentzat, Alaitz Olaizolak nabarmendu duenez; parte hartuko duten talde gehienek aire librean aritzeko ohiturarik ez dutelako, besteak beste. Aire librean izateak eguraldiari begira egotea ere badakar, eta zapatu arratsaldean hura lagun izatea espero dute antolatzaileek. 

Argazki proiekzioa Sanagustinen

Kaleko ikuskizuna amaitu ondoren, Oinkadak argazkitan ikusteko aukera ere izango dute hala nahi dutenek, Sanagustinen. Argazki elkartekoek ikuskizunean zehar ateratako irudiak proiektatuko dituzte han, ekitaldia borobiltzeko.

---

Juan Antxieta Musika Eskola. Sorrera: 1983. / Musikako lehen eskolak Karmelo Etxegarai ikastetxean Sanjuandegin zituen lokaletan eman zituzten, eta gero Oktogonoan. Lehen 25 urteetan Musika Eskolatik hiru mila ikasle inguru pasatu ziren. Ekitaldi nagusiak: Santa Zizili eta ikasturte bukaerako jaialdiak. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak

Julian Barrenetxea Abesbatza. Sorrera: 1986. / Azken urteotan korurako musika indartu nahian eta beronen irudia aldatu nahian dabil, errepertorio klasikoa ahaztu gabe. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak

Lakrikun Antzerki Taldea. Sorrera: 1994. / Atzerki talde amateurra da Lakrikun, Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren babesean sortutakoa. Noizean behin antzerki obra berriak prestatu eta jendeari eskaintzeko asmoz eratu zen; bide hori egiten ari da. Taldetik kanpoko lanik ere egiten dute bertako kideek, gaztetxo, gazte edota emakumeekin. Herriko beste ekimen batzuetan ere hartzen du parte taldeak. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak