Herritarren parte-hartzerako araudia behin betiko onartu du Udalak

Uztarria.eus 2013ko eka. 5a, 20:50

Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta Hamaikabaten abstentzioarekin onartu zuten araudia atzo, asteartea, ekaineko ohiko Udalbatzarrean. Onartutako araudia

Azpeitiko Udalak herritarren parte-hartzea arautuko duen ordenantza behin betiko onartu du. Ordenantzari hasierako onespena orain dela urtebete eman zioten, 2012ko maiatzeko Udalbatzarrean; aurretik, araudiaren zirriborroa herritarren eskura jarri zuten (orduko testua). Orduan bezala, Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta Hamaikabaten abstentzioarekin onartu zuten behin betiko testua atzo, asteartea, ekaineko osoko bilkuran.

"Ordenantza honekin parte-hartzea Udalaren DNA-n txertatzen dugu", esan zuen Eneko Etxeberria alkateak. Udal gobernuaren planteamendu politikoan hasieratik "parte-hartzearen aldeko apustu sendoa" egin zutela gogorarazi zuen. Ordenantzaz gain, zentzu horretan landutako beste hainbat tresna aipatu zituen Etxeberriak, hala nola mahai sektorialak, auzo alkateak, aurrekontu parte-hartzaileen prozesuak edota Plan Estrategikoaren lanketa. "Gure ustez, ez da nahikoa lau urtean behin bozkatzea", esan zuen Etxeberriak. "Parte-hartze tresnekin gure jardueraren gardentasuna eta kontrola errazten ditugu".

Herri kontsultak eta galdeketak arautzeko balioko du, besteak beste, herritarren parte-hartzerako ordenantzak. Horiei dagokienez, kontsulta eta galdeketen emaitzak "legez lotesleak ez" direla ekarri zuen gogora alkateak, "baina guk, konpromiso politikoz, binkulantetzat joko ditugu. Talde politiko gisa, horretarako pausoak emango ditugu".

Oposizioko taldeek abstentziora jo zuten. EAJren izenean, ordenantzaren "kontra ezer ez" dutela esan zuen, hala ere, Aitor Gorrotxategik. Hasierako testuan jasota zegoen balizko herri-galdeketetan 16 urtetik gorakoek bozkatzeko aukera izatea eta, hori aldatuta, gustura daudela esan zuen. Hamaikabateko Aitor Aranguren, bere aldetik, "parte-hartzea arautzearekin guztiz ados" agertu zen. Haren iritziz, ordea, araudian jasotako zenbait kontu "ez datoz bat errealitatearekin, herri kontseiluaren funtzioak kasu". Hori dela eta, "ordenantzari beste buelta bat" ematearen alde hitz egin zuen.