Enparan kaleko korputzetan omendutakoak

Uztarria.eus 2013ko eka. 5a, 19:32

Joan den igandean ospatu zituzten Enparan kaleko Korputz festak. Urtero bezala, kaleko bizilagun adinduenetakoak omentzeko baliatu zuten festa eguna. Aurten, lau izan dira omendu dituzten auzokideak: Prexen eta Carmen Badiola aizpa lekaimeak, Miren Larrañaga eta Jesus Erkizia. Omendutako bi mojak Frantziskanetako komentuan bizi direla eta, omenaldi ekitaldia hantxe egin dute aurten. Urtean zehar hil diren kaleko bizilagunak gogoan eskainitako meza ere Frantziskanetan izan zen.

Omenaldiaz gain, Irrintzi elkarteak emandako luntxaren eta, ondoren, Baigera I-eko tabernan egin zuten bazkariaren bueltan ospatu zuten eguna Enparan kalekoek. "Eskerrak eman nahi dizkiegu Irrintzikoei eta Baigerakoei. Jendea oso gustura gelditu zen", esan dute antolatzaileek.

Otarre bat ere zozkatu dute Enparango korputzetan. Saritutako zenbakia 257 da eta jabea ere agertu da dagoeneko, Jose Mateos.

(Argazkiak: ZIATZ)