Bi bide izango dira aukeran igandean, Azpeitiko Itsasaldeko XXI. Ibilaldi Neurtuan

Urola Kostako Hitza 2013ko eka. 5a, 12:28

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu du proba; 48 kilometrokoa izango da ibilaldi luzea, eta 26 kilometrokoa motza.

Azpeiti inguruko mendietan zeharreko Itsasaldeko XXI. Ibilaldi Neurtua antolatu du Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak. Igandean izango da proba, eta bi ibilbide izango ditu aukeran, Azpeitiko plazatik abiatuta. Bi urtean behin antolatzen du Lagun Onak-ek ibilbide neurtua. Urte batean Izarraizko mendi maratoi erdia antolatu ohi du, eta hurrengoan ibilaldi neurtua. Azkoitiko Anaitasuna mendi elkarteak, berriz, Azpeitikoak ibilaldi neurtua antolatzen duen urtean mendi maratoi erdia antolatzeko ardura hartzen du, eta hurrengo urtean, berriz, Zazpi Kurutzetako ibilaldia antolatzen du.

Itsasaldeko Ibilaldi Neurtua egiteko bi ibilbide izango dituzte aukeran mendizaleek. Ibilbide luzeak (Azpeitiko plaza-Oñatz- Urraki-Beizama-Ernio-Gazume- Lasao-Erlo-Xoxote-Azpeitiko plaza) 48 kilometro izango ditu, eta motzak 26 kilometro (Azpeitiko plaza-Arauntza-Etumeta-Lasao-Erlo-Xoxote-Azpeitiko plaza).

Ibilaldi luzea egin behar dutenak igandean goizeko seietan abiatuko dira Azpeitiko plazatik, eta motza egitekoak direnak bi ordu geroago, zortzietan.

Izen-ematea

Parte hartzeko izena aurrez eman daiteke, ostegunera bitartean, Internet bidez, Kirolprobak.com webgunean. Baina, igandean bertan ere plazan bertan izena emateko aukera egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. Mendian federatuta daudenek 13 euro ordaindu beharko dute, eta gainontzekoek 15 euro.

Parte hartzeko txartela ibilaldiaren egunean eskuratu beharko dute mendizaleek, eta ondoren ibilbideko postu guztietan zigilua lortu beharko dute. Ibilbide luzean zortzi kontrol postu jarriko dituzte, eta motzean sei postu. Ibilbidea bukatutakoan parte-hartzaile guztiei oroigarri bana emango diete Lagun Onak-ekoek, eta baita jatekoa eta edatekoa ere.

Ibilaldi neurtua egitera kanpotik datozenentzako, hainbat zerbitzu jarri dute aukeran Lagun Onak mendi bazkunakoek. «Larunbatean Azpeitira etorri eta Sindikatu Zaharrean lo egiteko aukera izango dute kanpotik datozen parte-hartzaileek. Horrez gain, Izarraitz pilotalekuan dutxa hartzeko modua ere jarriko dugu», azaldu dute antolatzaileek. Ibilbideetan zehar ere hainbat postu jarriko dute edatekoarekin eta jatekoarekin.