Eskola Agenda 21en X. urteurren festa zapatuan

Uztarria.eus 2013ko eka. 4a, 19:11

Ingurugiro Etxea Museoan antolatu dute festa eguna ekainaren 8rako. 11:00etatik 14:00etara bitartean hainbat ekintza egingo dira bertan; hamar urte hauetan egindako lanen erakusketa, jolasak eta tailerrak, besteak beste. 

Orain hamar urte hasi ziren lantzen Eskolako Agenda 21 programa herrian, txikienengan ingurumena zaindu eta babesteko kontzientzia pizteko asmoz. Egitasmoaren hamargarren urteurrena ospatzeko, datoren larunbatean, ekainak 8, Ingurugiro Etxea Museoan festa eguna antolatu dute. Hainbat ekintza burutuko dituzte bertan, 11:00etatik 14:00etara bitartean.

Besteak beste, ekimenak iraun duen hamar urteetan landutako material eta erretratuekin osatutako erakusketa egongo da ikusgai. Jolasak eta tailerrak ere egongo dira: hondakinen txokoa, margotzeko txokoa, eguzki sukaldea egiteko tailerra eta energia berriztagarriekin funtzionatzen duten hainbat tresnen erakusketa. Eguraldiaren arabera, eguzki sukaldean egindako txistorra eta txanpinoiak dastatuko dituzte. 

Ikastetxe guztietako ikasleez aparte, haien gurasoak ere gonbidatuta daude festara.