Josu Oiarzabal eta Jon Gurrutxaga, Plazatik Gaztetxerako lehen finalistak

Uztarria.eus 2013ko eka. 4a, 18:04

Apirilaren 26an Debako Gaztetxean hasi, eta ekainaren 8an Markina-Xemeingo Gaztetxean amaituko da Txapelketa. Josu Oiarzabal Xenpelar eta Jon Gurrutxaga dira lehen bikote finalista, Elgoibarko finalaurrekoan 296 puntu lortu ostean. 

Apirilaren 26an hasi zen abian XII. Plazatik Gaztetxera Bertsolari Txapelketa. Jada finala ate joka dago, ekainaren 8an izango baita Markina-Xemeingo gaztetxean, eta sailkatu diren lehen bi finalistak azpeitiarrak dira: Josu Oiarzabal Xenpelar eta Jon Gurrutxaga. Txapelketa horretan bertsolariak binaka aritzen dira, eta irabazleak ere bi izango dira; aurkeztu diren 16 bikoteetako bat. 

Pasa den ostiralean, maiatzak 24, Elgoibarko gaztetxean jokatu zen finalaurrekoan sailkatu ziren bi azpeitiarrak lehen postuan. Horrek, finalerako zuzeneko txartela eman zien. Elgoibarko saioaren lehen zatia amaitzean, 194 punturekin berdinduta ziren Oiarzabal eta Gurrutxaga zein Maddi Ane Txoperena eta Paula Amilbururekin. Buruz-burukoan, ordea, azpeitiarrak gaildendu ziren, 296 puntu lortu eta finalera sailkatuz.