Igande honetako partidetan erabakiko dira Erremonte Txapelketako finalistak

Uztarria.eus 2013ko eka. 4a, 12:24
Agirrezabala igandeko partidan. (Oriamendi)

Matxin VI eta Zubizarreta Matxin III eta Labakaren kontra arituko dira finalerako txartelaren bila. Finalerako bigarren txartela eskuratzen saiatuko dira Ion eta Segurola zein Otaegi eta Agirrezabala. 18:00etan hasiko da aurreneko partida, Izarraitz pilotalekuan.

Datorren igandean, ekainak 9, erabakiko dira Azpeitiko XIV. Erremonte Txapelketako finalistak. Herenegun jokatutako partidaren ostean, A taldeko Etxeberria IV eta Larrañaga txapelketatik kanpo gelditu dira, 40 eta 37 galdu ostean, Matxin VI eta Zubizarretaren kontra. Horrenbestez, datorren igandean Matxin VI eta Zubizarreta zein Matxin III eta Labaka ariko dira nor baino nor. Irabazlea finalean izango da, eta galtzaileak hirugarren postua lortzeko partida jokatuko du finalaren egunean.

Igandean jokatutako bigarren partidan aise irabazi zuten Otaegik eta Agirrezabalak, Etxabe II.-aren eta Aizpuru III.-aren kontra, 40 eta 13. Hori dela-eta, Otaegik eta Agirrezabalak Segurola eta Ion hartuko dituzte datorren igandean Izarraitz pilotalekuan, eta orduan erabakiko da nor izango den bigarren bikote finalista. Galtzaileak, berriz, hirugarren postua lortzeko lehia jokatuko du.

Hemen datorren igandeko partidak:

Izarraitz pilotalekuan izango dira, 18:00etan hasita.

Matxin VI eta Zubizarreta, Matxin III eta Labakaren kontra.

Ion eta Segurola, Otaegi eta Agirrezabalaren aurka.