Martxan da Mahai Soziala

Uztarria.eus 2013ko eka. 3a, 14:06

Azpeitiko Udalak eta behar sozialen inguruan lanean dabiltzan herriko hainbat taldek Mahai Soziala osatu dute. Joan den asteartean egin zuten aurreneko batzarra, 30 herritar bilduz. Parte-hartzaile gehienak arlo sozialean eremu desberdinetan ari direnak izan ziren. Azpeitiko Udal aurrekontuen inguruan, Denon Artean prozesu parte-hartzailean, Behar sozialeko bilera egin zen, orduan gune baten beharra mahai gaineratu zen, herriko eragileek elkarlanean jarduteko. Behar horri erantzuteko sortu dute orain Mahai Soziala.

Aurreneko bileran talde bakoitzak bere burua aurkeztu eta jardunaren berri eman zuen. Segidan, Udalak gaur egungo egoeraren gaineko datuak eman eta aurrera begira dituen asmoen berri eman zuen. Ondoren, Mahai Sozialaren jardunaz eztabaidatu zuten. Hainbat herritar gaizki pasatzen ari dela eta beharrezkoa ikusi zen errealitatea islatzen duen ahalik eta argazki osatuena egitea. Eraginkorrago izateko, Mahai Sozialeko azpibatzorde bat sortzea erabaki zuten, hau talde bakoitzeko ordezkari batek edo bikosatuko dute, eta hauek besteak beste Mahai Sozialaren helburuak eta egitasmoak proposatuko dituzte. Ekainean beste behin biltzekotan gelditu ziren.