Trikitilari Txapelketa egingo dute aurreneko aldiz Sanjuandegiko festetan

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 31a, 13:05

Jaiekin lotutako hainbat saio egin dute aurreko egunetan, baina gaur arratsaldean jasitsiko da Amona Mantangorri, 19:00etan.

Sanjuandegin gaur sartuko dira bete-betean jaietan, arratsaldean Amona Mantangorri jaistearekin batera. Festa orduan lehertuko da auzoan, buruhandi, erraldoi eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen kalejirarekin segituz.

Festetako lehen ekitaldia joan den ostegunean egin zuten Mus Txapelketarekin. Gero, zapatuan, Ume Eguna izan zen auzoan. Ordutik, bakarrizketa saioa, Barraka Eguna eta bertso afaria izan dira, besteak beste, festen bueltan. Ordea, gaurtik igande arratsaldera bitartean haur, gazte eta helduentzako hamaika hitzordu jarri dute.
 
Aurtengo Sanjuandegiko festek berrikuntzarik ere badute, esaterako bihar arratsalderako Sanjuandegiko Trikitilari Txapelketa antolatu dute, aurrenekoz. "Azpeitian, eta, oro har, Urola Kostan beti egon da trikitirako zaletasuna. Garai batetik gauzak aldatu diren arren, gaur egun ere gazte ugari dabil trikitixa ikasten. Lehiaketa honen helburua, gazte horiei ezagutzera ematekob aukera bat eskaintzea da", dio Haritz Garmendia festen antolatzaileetako bat eta Xanjuandei Auzolaneanekoa denak.
 
Trikirilari Txapelketan parte hartzeko jarri duten baldintza bat 18 urtetik beherakoa izatea da. Denera sei bikote ariko dira bihar: Eneritz Otaegi eta Julen Otaegi (Beizama), Ane Aizpurua eta Jugaitz Oleaga (Aizarnazabal), Eneko Arbeo (Azpeitia) eta Olatz Leturiaga (Zarautz), Iñigo Domingez (Azpeitia) eta Itxaso Gurrutxaga (Elosu), Alaitz Urdaneta (Errezil) eta Aiala Etxabe (Zestoa) eta Maite Txapartegi (Aizarna) eta Ane Zulaika (Zestoa). Bikote bakoitzak hiru pieza joko ditu: trikitia, fandangoa eta arin arina. Epaimahaia, Mari Jose Bikendi Azpeitiko Juan Antxieta Musika Eskolako zuzendari eta irakasleak eta Aritz Alustiza Bergarako Musika Eskolako trikiti irakaslea eta Emon taldeko kideak osatuko dute.
 
Hemen festetako egitaraua:
 
Maiatzak 31, ostirala, Gazte Eguna:

18:30ean, auzo lokalaren irekiera.

19:00etan, Amona Mantangorriren jaitsiera.

19:05ean, erraldoi eta buruhandien kalejira, Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleek lagunduta.

20:30ean, gazte afaria.

23:00etan, saloiko dantzak.

23:00etan, Kasik, Ezinean eta Laket taldeen kontzertuak, karpan.

Goizaldean, baratzuri zopa jana.

Ekainak 1, zapatua, Auzo Eguna:

10:00etan, Judo erakustaldia, igerileku aurrean.

12:00etan, ume jolasak, Jose Antonio Agirre plazan.

12:30ean, triki-pintxo poteoa.

13:00etan, Udal Musika Bandaren kontzertua.

15:00etan, auzo bazkaria.

17:00etan, Xanjuandeiko Trikitilari Txapelketa, karpan.

18:00etan, txokolatada.

19:00etan, erraldoi eta buruhandiak, Skandalue elektrotxarangak lagunduta.

21:00etan, parrillada.

23:00etan, Mc Onak eta Gozategi taldeen kontzertuak eszenatoki handian. Gero, DJ Referee karpan.

Ekainak 2, igandea:

06:00etan, txokolatea.

07:00etan, sokamuturra.

09:00etan, salda.

12:00etan, dantzari txikiak.

16:30ean, haurrentzako poni eta zezenak.

18:30ean, herri kirolak.

20:00etan, Amona Mantangorriren igoera.