Eskubide sozialak aldarri

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko mai. 31a, 11:33
Arratsaldeko manifestazioa ere euripean egin zuten. (Ane Olaizola)

Ustez krisiari aurre egiteko gobernuek abian jarri dituzten politikek krisia "areagotu" deutela salatu dute. Greba Orokorrak erantzun zabala izan du Azpeitian, eta Urola Kostako herrietan, oro har.

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CNT eta CGT sindikatuek eta 60 bat gizarte eragilek atzorako, maiatzaren 30erako, deitutako grebak erantzun zabala izan zuen herrian. Goizean goiz ibili ziren piketeak herritarrak greba egitera deitzen. Pertsiana botata izan zuten denda, kafetegi, bestelako negozio eta bankuetxeetako sukurtsalek, oro har. Baita, herriko ikastetxe eta hainbat enpresa ere. Besteak beste, Corrugados Azpeitia eta Lasao, Biele, Glual, Sarralle,Grumal, Kimu Bat, Astigarraga Kit Line eta JJA Producciones enpresetako beharginek greba egin zuten.

Goizean manifestazioa egin zuten goizean dozenaka lagunek, eta arratsaldeko manifestazioan ehunka lagunek hartu zuten parte. Euskal Herriarentzat eredu propioa aldarrikatu zuten, eta gizarte eta lan eskubide duinak. Kalez kale ibili ziren, Eskubide sozial eta laboral duinak. Euskal Herriak eredu propioa lelopean, eta bandera gorri eta moreak astindu zituzten.

Urola Kostako Hitzaren webgunean greba eguneko hainbat argazki.