Emakumeen antzerki tailerraren hamargarren urtean, 'Dena berriz bueltatzen da'

Uztarria.eus 2013ko mai. 31a, 01:18
Emakumeen Antzerki tailerreko kideak oholtza montatzen.

27 antzezle, tailerrean ibili diren ia guztiak, elkartu dira gaur, ostirala, Sanagustin kulturgunean emango duten ikasturte amaierako ikuskizunerako. Hitzordua, 20:00etan.

"Akordatzerako eta asko pentsatu gabe", Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrak hamargarren ikasturtea osatu du. Urtero legez, hilabeteetako lanaren fruituak herritarren aurrean agertzeko antzezlan bat prestatu eta gaur, ostirala, taularatuko dute. Sanagustin kulturgunean egingo dute, 20:00etan hasita.

Ikasturte bukaerako emanaldiak ikusmina urtero sortzen badu, aurtengoak are gehiago. Izan ere, tailerrak hamar urte bete dituen honetan azken hamarkadan zehar bertan ibili diren emakume gehienek egingo dute bat Sanagustingo oholtzaren gainean gaur iluntzean. Dena berriz bueltatzen da da estreinatuko duten lanaren izena eta, kontatzen duen istorioaz harago, izenburuak badu lotura aspaldiko lagunen elkartzearekin ere, "hamar urteren buruan berriz elkartuko garelako".

Ia denak bueltan

Alaitz Olaizola (Azpeitia, 1975) izan da eta da, hasieratik, Emakumeen Antzerki Tailerraren "dinamizatzailea, zirikatzailea". Berak dioenez, "esperimentu bezala" abiatu zen emakumeei zuzendutako antzerki ekimena. Urtero-urtero izena eman dutenen eta haien antzezlanak ikustera joan izan diren herritarren harrera beroa izan dira tailerarren bilakaera eta iraupena segurtatu dutenak. "Emakumeen Antzerki Tailerra beti sentitu izan da ikusleen partetik babestua, hasi haurretatik eta helduetara. Gure esker ona azaldu nahi dugu horregatik. Espero dugu gaur ere jendea hurbilduko dela, seguru gaude".

Hamar urtean hogeita hamarretik gora izan dira tailerrean ibili diren emakumeak. Amaitzear den ikasturte honetan hamahiru izan dira hasieratik aritu direnak eta, azken asteetan, ia hirukoiztu egin dute kopuru hori, hamargarren urteurrena ospatzeko prestatu nahi izan duten emanaldi berezi horretarako. Azkenean, ez dira asko izango faltako direnak. 27 antzezlek hartuko dute parte Dena berriz bueltatzen da-n, "eta zaku horretan sartzen dugu baita Kontxi Roldan ere", gogorarazi du Olaizolak, Roldan zena antzerki tailerreko kidea zelako. Tailerreko kide beteranoena, hamar ikasturteak osatu dituen bakarra, Olaizola beraren ama da, Mari Karmen Borda. Aizpea Ibarbiak, berriz, bederatzi urte daramatza.

Antzerkiaren bueltan, hainbat belaunalditako emakumeen topagune bilakatu da tailerra. "Hasi ginenean, gehientsuenak adinean aurrera zihoazen emakumeak ziren, eta gero bi-hiru oso gazteak zirenak, 19 urte ingurukoak edo. Gerora, adin ertaineko jendea sartzen joan da, gazteak ere bai, eta helduak pixka bat erretiratzen joan dira", azaltzen du Olaizolak. Bilakaera horren erakusgarri izan da hamargarren urteurrenerako elkartzea. "Gazte-gazterik hasi zirenak ez dira jada hain gazteak, helduak zirenak helduago dira... Baina igoal-igoal segitzen dute, antzerkirako zaletasunari dagokionez. Eta oso inportantea da denon artean sortu den kariño hori. Orain bereziak gara elkarrekiko".

Hamar urte, hamar istorio

Alaitz Olaizola bera da urteroko antzezlana idatzi eta taxutzen duena. Emakumeen tailerra eta taldea izanda, emakumeak dira, noski, protagonista. Emakumeak eta emakumeei gertatzen zaizkien istorioak. Eta istorio horien iturria egunerokotasunean kokatzen du Olaizolak: "Printzipioz ideia pila bat egon daitezke; pentsa, egunean zehar zenbat gauza, zenbat detaile gerta dakizkiokeen emakume bati, edonori. Gero da, hori antzerkira nola ekarri, nola kudeatu, zer esan nahi dugun... guk antzerkia geure gauzak esateko erabiltzen baitugu. Puzzle bat osatzea bezala da. Ideari dagokionez, batzutan neuk eman dezaket, eta besteetan beraiek etorriko dira ideiarekin".

Dena berriz bueltatzen da obrari dagokionez, aktualitatearekin erabat lotutako zailtasun baten aurrean kokatu du protagonista Olaizolak. "Etxea kenduko dioten emakumea da, eta gertaera horren aurrean jarrera jakin bat hartuko duena". Antzerki tailerraren dinamizaitzeak ez du askoz gehiago aurreratu nahi, nola ez ba, baina bai halako ideia orokor bat: "Drama handi bat da, gaiari dagokionez, baina gauzak bakarrik baino laguntzarekin hobeto egiten direla erakutsi asmo duena".

Ez-ohiko antzezle kopuruak lana egiteko ohiko moldeak aldatzea ere ekarri duela azaldu du Alaitz Olaizolak. Aktore gehienek rol txikiak jokatuko dituzte, "Hamahiru emakume fijoak izango dira, eta gainontzekoek, kasu askotan sartu-irten bat egingo dute, bi edo hiru esaldirekin". Hainbeste lagun izanda, guztiak elkarrekin batera egoteko aukerarik ez dutela izan aitortzen du dinamizatzaileak, "baina bakoitzak badaki berea egiten eta ez dut uste arazorik egongo denik". Entsegu-saioak ere normalean baino gehiago egin dituzte, dena ondo lotzeko.

Aurtengoa muntaia berezia izango bada ere, urtero bezala Euskal Antzerki Topaketetan emango dute berriro, udazkenean, formato berarekin. Hala ere, estrinaldia gaurkoa izango da, tailerrekoentzat benetan berezia den zita, eta gonbitea luzatu nahi diete ikusleei, Sanagustinerako. "19 urte gazteenak eta 70etik ondo pasatuta zaharrenak, eta tarte horretan klase eta adin-tarte guztietako emakumeak. Eta ausardia behar dela uste dut, horra igotzeko eta jendearen aurrean azaltzeko. Eta behin, hau ez delako telebista, hemen ez dago 'moztu' esan eta beste bat egiterik".

Hamargarrena borobila izatea espero du Olaizolak eta, "printzipioz eta ezer arrarorik ez bada", hamaikagarrena ere etorriko dela uste du. Baina hura beste istorio bat izango da.