Negoziazio epea bukatuta, auzibideari ekingo diote Corrugadoseko langileek

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 29a, 18:12

"Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean kaleratuko dute jendea; horixe besterik ez dakigu", azaldu du Esteban Kanposek, Corrugados Azpeitiako komitekoak. Corrugadoseko Azpeitiko bi lantegietako ordezkariek erakundeen inplikazioa eskatu dute, "instituzio guztiei inplikatu daitezela eskatzen diegu eta enpresa hauek hiltzen ez ditzatela utzi".

Akordiorik gabe itzuli ziren joan den ostegunean Madrildik Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileak. Alfonso Gallardo Taldeak aurkeztutako kaleratzeen gaineko Lana Erregulatzeko Txostenaren negoziazio fasea bukatu da. Akordiorik lortu ez dutenez, orain epaitegietara joko dute Azpeitiko bi lantegietako langileek. Aurretik, ordea, datorren astelehenean (ekainak 3) Madrilen Lan Ikuskaritzarekin bilera dute, legezko prozedurak agintzen duen bezala.

Negoziazioaren azkenenengo bileran ere Azpeitiko lantegitik 300 langile kaleratuz planta itxi eta Lasaokoan 68tik 38 lagun kaleratzeko asmoari eutsi zion enpresaburuak. Baina kaleratzeen gainean beste proposamen bat ere egin zien Gallardok bi lantegietako langileei: enpresa borondatez uzteko aukera eskaini zien. Langileek euren burua aurkezteko ekainaren 10a arteko epea jarri dute nagusiek. Kasu horretan, langileek jasoko luketen kalte-ordaina hamazortzi hilabetekoa eta hilabeteko 30 egunekoa izango litzateke. Boluntario aurkezten ez direnen kasuan, ordea, Espainiako Lan Erreformak jasotzen duen kalte-ordaina ezarriko luke enpresak; hamabi hilabetekoa eta hilabete bakoitzeko hogei egunekoa.

Joan den ostegunean zazpi ordu inguruko bilera izan zuten Madrilen. "Epaiketari begira aktak txukun-txukun jasotzeko asmoz jardun zuten nagusiek, eta gure aurkako epaiketarako paper bilketa bat besterik ez zen izan", azaldu dute Corrugados Azpeitiako komiteko ordezkariek.

Irailaren 30a arteko epea

Gainontzean, kaleratzeak nola egingo dituen ez die zehaztu Gallardo Taldeak. "Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean kaleratuko dute jendea; horixe besterik ez dakigu", azaldu du Esteban Kanposek, Corrugados Azpeitiako komitekoak.

Negoziazio epean bezalaxe, aurrerantzean ere Corrugadoseko Azpeitiko bi plantak bideragarriak direla defendatuko dutela diote bi lantegietako ordezkariek. "Guk, orain arte bezalaxe, Corrugados Azpeitiak etorkizuna baduela, eta ahalik eta langile gehienekin martxan segitu behar duela defendatzen segituko dugu", azaldu du Imanol Arrojeriak, Azpeitiko lantegiko komiteko ordezkariak.

Epaitegietara joko dute berriro Corrugadosekoek, baina oraingoan Espainiako Auzitegi Nazionalera, negoziazioa Madrilen izan delako. "Guk garbi daukagu beste bideragarritasun plan batekin Corrugadosek etorkizuna baduela, baina joan diren bi urteetan Azpeitiko plantan ez da inbertsiorik egin. Bezeroak baditugu, baina ekoizteko materialik ez du ekartzen Gallardok bezeroen eskariei erantzuteko ere", dio Arrojeriak. Ekoizten dutena esportatzeko Espainiatik kanpo aukera badutela uste dute bi lantegietako beharginen ordezkariek. Horregatik, Lasaoko langileek kaleratzeen kontra eta planta bideragarria defendatzen segituko dute, astean bitan lantegi aurreko errepidean elkarretaratzeak eginez.

Herenegun Berria.info-n zuzeneko mahai-inguruan Cementos Lemonako langileen ordezkari batek eta Corrugados Azpeitiako Imanol Arrojeriak euren enpresen egoerez jardun zuten. Bertan, Azpeitikoak azaldu duenez Azpeitiko enpresa bideragarria dela esateko dokumentuak eta datuak badituzte eta esportaziorako ere ondo kokatuta dago, Pasaiako portutik gertu.

Corrugadoseko Azpeitiko bi lantegietako ordezkariek erakundeen inplikazioa eskatu dute, "instituzio guztiei inplikatu daitezela eskatzen diegu eta enpresa hauek hiltzen ez ditzatela utzi".