Kamino Saiz: "Ezin dugu etxean gelditu, denok batera kaleak bete behar ditugu"

Uztarria.eus 2013ko mai. 29a, 19:08

Kamino Saiz (Donostia, 1962) Azpeitian bizi da duela 42 urtetik. Irakaslea da izatez, baina STEE-EILAS sindikatuko bozeramailea eta talde iraunkorreko kidea da egun. Biharko, maiatzak 30, greba orokorra deitu dute hainbat sindikatuk (ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CNT eta CGT) eta haiekin batera Gune bilgunean dauden eragile sozialek. Uztarria.com-ek Kamino Saizekin hitz egin du grebaren atarian.

STEE-EILASen arabera, zeintzuk dira maiatzaren 30ean greba egiteko arrazoiak.

Erasoak bata bestearen atzetik datozelako egin behar da greba bihar: lan-erreforma, zergen etengabeko igoera, erretiroaren inguruko azken erreforma, murrizketak eskubide gehienetan... Eta etorriko direnak: pentsioen erreforma, esaterako.

Bestalde, harritzekoak dira inguruari egin behar dizkioten erasoak: Garoñaren iraunaldiaren balizko luzapena, fracking-a edota abiadura handiko trena (AHT) adibide argiak dira. Edozein irizpideren gainean lapur gutxi batzuen interesak daude, guztion etorkizuna kolokan jarri behar badute ere.

Greba honekin, aurrekoekin bezala, erasoak salatu eta egoera larriena pairatzen dutenei elkartasuna adierazi nahi diegu.

Zu hezkuntza mundutik zatoz, eta STEE-EILAS ere hezkuntza munduari lotutako sindikatua da. Hezkuntzari nola eragin dio krisiak?

Nahiz eta ikasleen kopurua etengabe handitu, Hezkuntza saileko aurrekontua gutxitu egin da. 2012an %0,9 jaitsi zen (aurreko murrizketetan baino 24 milioi euro gutxiago). Barne Produktu Gordinarekin (BPG) alderatuta, EAEko hezkuntza gastua jaitsi egin da. 2009an %4,1 murriztu zen, eta 2012an 2009ko zifrari %3,8ko murrizketa aplikatu zitzaion.

Aurten, aurrekontuak atzera bota dituzte, baina aurreproiektuan garbi zegoen hezkuntzako gastuak %8,9ko jaitsiera izango zuela.

Jaitsiera nagusiena inbertsioetan (%44,6) eta ikastetxeetarako ekipamenduan (%39), EHUn  (%6,9), haurreskoletan (%10), konponketa txikiak egiteko udalek jasotzen duten diru laguntzetan (%35) ziren egitekoak. Eta ildo beretik, aurreproiektu haren arabera, ikastetxeek 22 milioi euro gutxiagorekin moldatu behar zuten. Unibertsitate bekak %67 murrizteko asmoa dute, eta ohiko bekak %62.

Beraz, hori guztia aplikatuta, ikasle gehiago eta baliabide gutxiago, lan zama handiago, ratio altuago... izango genituzke.

Bestalde, hainbat zerbitzu publiko garestitu egin dira: 0 eta 2 urteko haur eskolen eskaintza, eskoletako jantokiak, EHUko matrikulak, eskola garraioa... Eta zer esanik ordezkapenetan dauden langileei dagokienez. Horiek lanaldien murrizketak, langabezia, EPEen eza, zerrenda itxiak, udako ordainketetan murrizketak eta abar jasan beharko dituzte.

LOMCE edo Wert legea ere hor dago...

Aipatutako proiektuak osotasunean jasotzen ditu bere garaian hezkuntza eragile gehienok salatu genituen neurri atzerakoiak. Besteak beste, ikasleen bereizte goiztiarra hainbat ibilbidetan, ikastetxeen arteko lehiakortasuna eta ranking-a bultzatzeko neurriak, hezkuntzak duen balio sozialaren galera lan munduaren mesederako, ikastetxeetako gestio demokratikoaren eta parte hartzearen berme falta, azterketa edo errebalidak... ekarriko ditu hezkuntza erreformak, eta neurri horiek oso kezkagarriak eta atzerakoiak dira.

Aldi berean, aldaketa horiek aurreko zirriborroa hobetu beharrean, gehiago bihurritzen dute. Proposamen horiek hainbat arloren okertze nabarmena ekarriko dute: itunpeko irakaskuntzaren estatusa hobetu eta erlijioaren presentzia indartuko dute, besteen artean. Hala da, gotzainen aginduei jarraituz erlijioa ebaluagarria eta kontuan hartzekoa izango delako kurrikulumean, nahiz eta gizartearen bilakaera kontrako noranzkoan doan.

Bereziki kezkagarria da Espainiako hizkuntza gutxituen eskubideak mugatzea gaztelaniaren mesederako, murgiltze ereduak arriskuan jartzeraino. Neurri atzerakoi horiek erreforma honen funtsezko helburua ikusarazten digute: oraingo eredua ikuspuntu pedagogikotik ezertan hobetzen ez duen hezkuntza eredu uniformatzaile eta merkantilista berria martxan jartzea.

STEE-EILASek hezkuntzako eta gizarte eragileei deia luzatu nahi die gure hezkuntza sistema defenda dezagun, hezkuntza arloan ez ezik beste eremu askotan eragiten duen erasoa da eta. Gure ustez, eragile sozial eta politikook konpromisoa hartu behar dugu norabide horretan pauso argi eta sendoak emateko. Era berean, EAEko eta Nafarroako gobernuek LOMCE legearen aplikazioaren kontrako erabakiak hartu behar dituzte marko konpetentzialak defendatzeko eta blindatzeko.

Azpeitia gogor astindu du krisiak, eta herritar ugari lanik gabe dago orain.

Penagarria da benetan Azpeitiko egoera. Niri tristura ematen dit kaleak hutsik ikusteak. Baina, ziur nago azpeitiarrok egoera honi aurre egingo diogula. Alternatibak bilatu behar ditugu, eta horretarako herriko eragile sindikal, politiko eta sozial guztiok elkartu behar dugu. Ni prest nago horretarako.

Ekonomia sarea lur jota dago. Horren aurrean nola erantzun behar luke langile mugimenduak?

Ditxosozko krisiaren ondorioei tankera hartu orduko ozen esan genuen guk ez dugula krisia sortu, gizarteak eta oro har langileok gure betebeharrak goitik behera bete ditugula, gure zergak ordaindu ditugula eta ez dugula inoren dirurik lapurtu. Beste batzuk, ordea, pilatutako diru guztia xahutu, harekin jolastu eta diru hori galdu egin dute. Euren erruaren zati handiena denon diruarekin ordaindu dute agintariek, eta gehiago behar izan dutenean zerbitzu publikoak erasotu dituzte, murrizketak eginez eta dirua beste zuloak estaltzeko erabiliz.

Langileok badakigu tarteka eustea eta aurre egitea tokatzen zaigula, ditugun tresna guztiak erabiliz, batasuna bilatuz eta ahalik eta gogorren erantzunez.

Bide horretan, maiatzaren 30erako greba orokorraren deialdiarekin bat egin dugu. Era berean,  bestelako erantzunak ere martxan jarri beharko ditugu, tokian tokikoak, xumeak batzuk, indartsuagoak besteak, askok egindakoak, batzuek bultzatutakoak... Beti ere, partekatu eta ondokoekin bideratzen baditugu eraginkorragoak izango dira. Dena beharko baitugu!

Eusko Jaurlaritzak esan du grebak ez duela laguntzen "denek norabide berean krisi ekonomikoaren irteerarantz lan egiten".

Nik Eusko Jaurlaritzari eta Konfebaski gauza bera esango nieke: denok norabide bera hartu behar dugula. Zerbitzu publikoak indartzen, fiskalitatea egokitzen, gastu sozialak mantentzen, politikoak merkatuen menpe ez izaten eta krisia sortu dutenei ordainarazten... egin behar dugula lana, alegia.

Urte eta erdian Hego Euskal Herrian deitzen den hirugarren greba orokorra da ostegunekoa. Greba eraginkorra dela uste al duzu?

Zer da hobe isiltzea eta ezer ez egitea? Nire ustez gure haserrea azaldu behar dugu eta horretarako ez da garrantzitsua greba egitea soilik, baita kalera irtetea ere. Ezin dugu etxean gelditu, denok batera kaleak bete behar ditugu gure haserrea eta desadostasunak adierazteko.

Zenbait ahotsek diote borroka sindikalak berriztatu beharra daukala. Hori horrela dela uste al duzu? Eta, hala bada, zein bide hartu beharko lukete sindikatuek?

Nik uste hainbat komunikabide sindikatuen kontra jarri dela, eta funtzionarioekin egin zuten bezala, sindikatuen funtzioa gutxietsi dute. Horri esker, hainbat alderdi politikok eta Patronalak bere onurak atera dituzte.

Sindikatuak ez gara inor langilerik gabe, baina nire ustez, langileok sindikatuak behar ditugu, sindikatuek langileen eskubideak defendatzeko tresnak dituztelako. Egia da hainbat sindikatuk (badakigu zein diren) izugarrizko mina egin digutela boterearen menpe jarri direnean.

Dena den, sindikatuek langileen alde egon behar dute beti eta horien eskaerak erantzun behar dituzte. Horretarako jende gaztea sindikalgintzan parte hartzera animatu behar da eta belaunaldi berriek ibilbide horri heldu behar diote.

Sindikatu “txikia” da STEE-EILAS. Zer nolakoak dira gainerako sindikatuekin dituzuen harremanak?

Sindikatu batzuekin eta sektoreen arabera, ditugun harremanak oso onak dira. Beste batzuekin ditugun harremanak ez dira hain onak, baina orokorrean egokiak dira. Ez dago esan beharrik momentu honetan Gunean gauden sindikatuen arteko harremanak oso onak direla, nahiz eta asko eztabaidatzen dugun akordioetara iristeko.