M30eko greba orokorra kanpaldia eginez girotuko dute bezperatik

Uztarria.eus 2013ko mai. 27a, 20:08
Ostiralean egin zuten greba orokorrera deitzeko argazki jendetsua.

Ostiralean hainbat herritarrek egin zuten bat Azpeitiko Greba Batzordeak deitutako argazkirako. Ostegunerako egitaraua ere zehaztu dute. Besteak beste, 18:00etan manifestazioa egingo da herrian.

Ostegunerako, maiatzaren 30a, greba orokorra deituta dago Hego Euskal Herrian. Azpeitian ere hainbat eragilek bat egin dute deialdi horrekin. Azpeitiko Greba Batzordean batuta, M30ari begira zenbait ekimen jarri dituzte martxan, bai greba aurretik eta bai egun bererako.

Hala, joan den ostiral arratsean dozena herritar elkartu ziren Kutxabanken Goikokaleko bulegoaren atarian, grebarako deia egiteko asmoz argazki jendetsua ateratzeko.

Hurrengo hitzordua greba egunaren bezperarako, asteazkenean, jarri dute, kanpaldia egiteko. 20:00etan, plazan, afaria eta bideo emanaldia egingo dituzte; La doctrina del shock emango dute. Ondoren, kanpin-dendatan lo egiten geldituko dira nahi dutenak. Hurrengo egunekoez hitz egiteko azken batzarra ere egingo dute bertan.

Greba egunerako egitaraua

Maiatzaren 30erako, berriz, honako egitaraua prestatu dute Azpeitiko Greba Batzordean:

  • 07:15ean kiroldegian lehen piketeak.
  • 09:00etan plazan bigarren piketeak.
  • 12:00etan manifestazioa Donostian, Antiguatik abiatuta.
  • 18:00etan manifestazioa herrian, plazatik abiatuta.