Hilaren 28an egingo dute Mahai Soziala eratzeko lehen bilera

Uztarria.eus 2013ko mai. 16a, 16:28
Kontxita Martija eta Leire Etxaniz, aurkezpenean.

Gizarte beharren inguruan lanean dabiltzan taldeei eta eragileei gonbidapenak luzatuko dizkie Udalak, maiatzaren 28an, asteartea, 19:00etan hasita, udaletxean egingo den batzarrean parte har dezaten. 

Denon Artean aurrekontu parte-hartzaileak osatzeko prozesuaren baitan, gizarte beharrei lotutako batzarrean hartutako erabakiaren harira, Mahai Soziala eratuko du Udalak. Hori dela-eta, gizarte beharren inguruan lanean dabiltzan taldeei eta eragileei gonbidapenak luzatuko dizkie Udalak, maiatzaren 28an, asteartea, 19:00etan hasita, udaletxean egingo den batzarrean parte har dezaten. Bilera horretan Mahai Sozialak beteko dituen funtzioak, beharrak eta asmoak zehaztuko dituzte, eta herritarrak ere batzarrean parte hartzera gonbidatu dituzte.

Bestalde, Denon Artean-en baitan egindako bileretan herritarrek agertutako kezkak argitze aldera, Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak dirua nora bideratzen duen azaldu dute gaur, osteguna, Leire Etxaniz Parekidetasun eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Kontxita Martija zinegotziak.

Gizarte Zerbitzuetako gastuak

Gizarte Zerbitzuetara bideratutako dirua, kooperazio gastuetan, udal laguntzetan eta esku-hartze psikosozialean banatzen du Udalak. Horrenbestez, 2012an 91.801,04 euro bideratu ziren Ruandako eta Bolibiako bina, eta Saharako, Indiako, Nepaleko eta Kolonbiako kooperazio proiektu banatara. 

Udal laguntzei dagokienez, berriz, iaz 190.459.33 euro banatu zituen Udalak, 171 familiaren artean.  Azpeitian bizi diren 92 atzerritar familiak eta bertako 79k jaso zuten laguntza. Datu horiekin, "kalean dauden zurrumurruak ez direla egiak agertu nahi dugu", esan du Leire Etxanizek: "Beti esan ohi da atzerritarrei laguntzen zaiela, baina Azpeitiko Udalak dituen datuetan ikus daiteke ez dela horrela. Bide batez, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ateak zabalik daudela esan nahi dugu, bai gaizki pasatzen ari diren edo laguntza behar duten familientzat eta baita herritar guztientzat ere".

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere ematen dituzte Gizarte Zerbitzuetara bideratutako diru-laguntzak, baina Azpeitiko Udalak kudeatzen ditu horiek. 2008an laguntza horiek (499.421,28 euro) jasotzen zituzten familiak 111 ziren. 2012an, berriz, 396 izan ziren laguntza horien (1.869.177,38 euro) hobaridunak. Gastu hori, %374,26 igo da lau urtean, eta onuradunen ehunekoak %356,75eko igoera izan du.

Bestalde, badira Gizarte Zerbitzuetatik kudeatzen diren beste zerbitzu batzuk. Hala nola, esku-hartze psikosoziala. Etxanizek azaldu duenez, "ume eta gurasoei zuzendutako zerbitzu hau urte luzez dago martxan, eta Udala egiten ari den esfortzuari esker, gero eta familia gehiago ari da ikastaroetan parte hartzen. Besteak beste, geriatria ikastaroa eskaini dugu, eta Enplegu Planaren baitan, Lanbiderekin elkarlanean beste ikastaro batzuk ere bai". Udazkenerako ikastaro gehiago antolatuko dituztela ere aurreratu du.

Etxanizen aburuz, "ezin da aipatu gabe utzi, San Martin egoitzarekin sinatu berri dugun lan-ituna. Garrantzitsua da-eta, bertako langile zein erabiltzaileentzat".