LABek maiatzaren 1erako deitutako manifestazioa Azpeitian izango da

Urola Kostako Hitza 2013ko api. 26a, 18:31

LABek eskualdeka antolatu ditu ekimenak, eta ELAk Bilbora deitu ditu herritarrak, mobilizazio orokorrera.

Maiatzaren 1ean ELA eta LAB sindikatuek bakoitzak bere kasa egingo dituzte mobilizazioak. Baina bi sindikatuek herritarrak mobilizatzeko arrazoi garrantzitsuak daudela uste dute. LABek, Borrokatu, matxinatu eta irauli lelo hartuta, eskualdeka deitu ditu mobilizazioak. Urola Kostaren kasuan, Azpeitian egingo dute manifestazioa. 12:30ean abiatuko da, plazatik. ELAk manifestazio nazionala Bilbon antolatu du, Eskubide sozialen alde lelopean; 11:15ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik. Eskualdeko herrietatik Bilborako autobusak antolatu ditu sindikatuak.

Maiatzaren 1ean mobilizatzeko arrazoi garrantzitsuak daudelakoan da LAB. "Euskal Herria larrialdi egoeran dago. Baina egoera hau ez da krisiaren emaitza, krisiaren aitzakian ezartzen ari diren politiken ondorio zuzena da". Langile klasearen kontrako erasoak "etengabeak" direla salatu du Urola Kostako LABek. "Madriletik aspaldi diseinatuta dute kapitalismorik basatiena ezartzeko plana. Horren oinarria langile klasea pobretzea eta defendatzeko bitartekorik gabe uztea da". Sindikatukoen arabera, politika horiek aldatzeko, indarrak bildu eta mobilizatzen segitu beharra dago. "Benetako aldaketa politiko eta sozial sakona da nahi eta behar duguna. Euskal Herriak bere bidea erabaki behar du. Erasoei erantzuteaz gain, alternatiba eraiki beharra dago".

Hau da LABek maiatzaren 1erako Azpeitian prestatu duen egitaraua:

  • 12:30. Manifestazioa, plazatik abiatuta.
  • 14:30. Bazkaria antolatu dute Sanagustin kulturgunean. Bazkaritarako txartelak eskualdeko herriko tabernetan eskuratu daitezke; txartelak datorren astelehena artean egongo dira salgai. Bazkaria langabetuek 15 euro ordaindu behar dute eta lanean ari direnek, berriz, 20euro.

ELAk, Bilborako deia

ELA sindikatuarentzat, "euskal langile klaseak zurrunbilo neoliberal eta zentralizatzaileari aurre egiteko daraman borroka saiatua eta militantea aitortzeko" aukera egokia da Maiatzaren Lehena.

ELAk Eskubide sozialen alde lelo hartuta egingo du Bilbon manifestazio nazionala. Gobernuak eta patronalek "gizartearen presioa" nabaritu behar dutela esan du sindikatuak. Eta horretarako "mobilizazio sindikala eta soziala" ezinbestekoa da. "Gizarte justuago" baten alde egin beharra nabarmendu du ELAk.

Hau da ELAk maiatzaren 1erako prestatu duen egitaraua:

  • Bilbon da manifestazioa, 11:15ean, Jesusen Bihotzetik irtenda. Bilbora joateko autobusa, Azpeitian: 09:40an, anbulatorio aurrean.

M30, greba orokorra

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta 60 gizarte eragile inguruk maiatzaren 30erako greba orokorrerako deia egin dute, Eskubide sozial eta laboral duinak leloa duela.

Urola Kostako LABekoen arabera, greba "eskubideen kontra egiten ari diren eraso guztien aurrean nahikoa da indarrez esateko modua da, baina inflexio puntu bat ere bai alternatibaren eraikuntza horretan". ELAk ere ezinbestekotzat jo du greba orokorrera deitzea: "Egoera honi aurre egiteko prest, eta giza hondamendi honetara ekarri gaituztenen politika aldatzea exijitzen dutenekin".