Begiz eta belarriz irakurri beharreko liburua

Uztarria.eus 2013ko api. 20a, 19:35
Ezkerretik eskubira, Laxaro Azkune, Imanol Lazkano, Maria Jesus Salsamendi eta Joan Jose 'Loidisaletxe', aurkezpenean.

Errezildarren ateraldiak gaur, zapatua, aurkeztu dute Errezilgo udaletxean. Errezilen eta Azpeitian hainbat tokitan jarriko da salgai, sei eurotan. Uztarriaren bazkideek, berriz, erdiprezioan eskuratu ahal izango dute, Uztarriara bertara etorrita. Gaur bertan, 22:00etan, aurkezpen herrikoia eta liburuan jasotako ateraldien kontakizuna ere izango dituzte Borondegin.

Herriko ahozkotasunaren aberastasuna liburuan jasoa dute Errezilen. Gaur, zapatua, aurkeztu dute hango udaletxean Errezildarren ateraldiak, Laxaro Azkunek, Imanol Lazkanok eta Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe-k egin eta Uztarria Komunikazio Taldeak argitaratu duen bilduma lana, Domusaren eta Errezilgo Udalaren babesarekin. "Begiz eta belarriz irakurri beharreko liburua" da, Laxaro Azkuneren hitzetan.

"Biztanle kopuruan txikia izan arren, euskarari dagokionez aberatsa" da, izan ere, Errezil, Maria Jesus Salsamendi alkateak nabarmendu bezala. Salsamendi, liburuaren hiru egileak, Ainitze Agirrezabal Uztarriako kazetaria eta Haritz Arruti eta Luis Berrondo zinegotziak izan dira aurkezpenean parte hartu dutenak. Udaletxeko areto nagusia jendez beteta zela egin dute aurkezpena, eta hantxe saldu dituzte liburuaren aurreneko aleak ere. Gauean ere salgai izango dituzte liburuak Borondegin. Han, 22:00etan, liburuaren egileekin aurkezpen herrikoia egingo dute, ateraldien kontakizuna barne.

Erabiltzen den erremintaren distira

"Ateraldi hauek zekizkien jendea bildu eta jaso, jasotako horiek gero paperera pasatu, paperera pasatutako hori berriro aztertu eta hiruon artean forma ematea". Horrela laburbildu du Laxaro Azkunek liburura iritsi arteko prozedura. Hamar bat lagunekin mahaiaren bueltan egindako bizpahiru egonaldirekin eta horiez gain banakako beste zenbait elkarrizketarekin osatu zuten ateraldi eta pasadizoen bilduma.

Helburua eta nahia, bilduma-lanari liburu itxuran irteera ematea zuten. "Bagenekien lehorte garaian geundela, baina guk hor geneukan material hori argitaratzea nahi genuen nolabait, eta horixe da egin duguna", esan du Azkunek. "Bildu dugun honetan, euskara aberats eta eroso bat jaso dugula iruditzen zait. Hori zergatik gertatu den ere begien bistakoa da: erabiltzen den erremintak distira izaten du, eta nik Errezilgo euskarari ere horixe ikusten diot, distira hori daukala, adierazkortasun hori daukala. Hizkuntza eguneko ordu guztietan erabiltzen bada, erdoilik gabe eta erosoa bihurtzen dela. Guk testigantza horixe jaso eta paperean ipini nahi izan dugu, jendeak jakin dezan, hizkuntza erabiltzen baldin bada, tresna erosoa izango dela".

Liburua argitara eman aurrekoa "askoren artean egindako lana" izan dela gogoratu du Laxaro Azkunek, eta bereziki gogora ekarri nahi izan ditu arrazoi ezberdinak medio aurkezpenean egoterik izan ez duten bi pertsona: bata, Uztarriako kide Ane Aranburu, liburuaren tajutzean egindako lana eskertuz; bestea, 2011n hil zen Joxe Zinkunegi Errezilgo alkate ohia, liburuan jasotako pasarte batzuk haren ekarpenak izan zirelako.

Etumeta, XX. mendeko bertsolaritzaren ardatz

Errezil "nire bigarren herria" dela esanez hartu du hitza Imanol Lazkanok eta, besteak beste, liburua egiteko pasatu duten denbora "gozamen bat" izan dela aitortu du.

"Hemengo hizketaren erak beti ukitu dit", esan du Lazkanok, errezildarren hizkerak eragiten dion miresmena azaltzen hasita. Bertso eta festa giroan Errezilen bertan, eta lanean hainbat errezildarrekin izandako harremanaren ondorioz, "gozatu eta ikasi egin dut asko", esan du Landetako bertsolariak. Errezildarrekin izandako hartu-emanaren emaitzetako bat izan da Lazkanok berak haiengandik jasotako ateraldi eta pasadizo asko ezagutzea; Errezildarren ateraldiak aberastasun hori gordetzearen nahitik abiatu zen nolabait, Lazkano beraren gogoari Azkunerena, Loidisaletxerena eta beste batzuena gehituta.

"Liburu hau irakurtzen duenak ikusiko du euskaraz pentsatu, euskaraz bizi eta euskararekin jolas egitea zein polita den", esan du Lazkanok. Hizkuntzarekin jolas egite horrek eta bertsolaritzak duten lotura estuaren adierazgarria ere bada, Lazkanorentzat, Errezilen eta inguruetan XX. mendean sortutako bertsolari handi andana. Horren erakusgarri, Errezildarren ateraldiak liburuan mapa bat gehitu dute. Mapa horrek Errezilgo Etumetan du ardatza, eta kilometro gutxiren bueltan eta handik oso gertu XX. mendeko bertsolari ezagun askoren sorlekuak ikusten dira: Zepai, Txapel, Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Uztapide, Basarri, Loidisaletxe, Korostietakoak, Artañolakoak, Lasarte, Lazkano bera... "Liburu honek bertsolaritzari ere zerbait esaten diola uste dut".

"Hi errezildarra haiz"

"Uste dut errezildar askori pasatu izan zaigula burutik holako zeozer egitea, baina egiten hasteko, azkenean, kanpoko bultzada eta laguntza behar izan dugu", esan du aurkezpenean Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe-k, liburuaz.

Liburuaren egile hirukoko errezildarra da bera. Haren ustez, "daukaguna ez da apreziatzen, galtzen hasten den arte". Kezka hori agertu du Loidisaletxek: liburuan jaso den Errezilgo hizkeraren aberastasun eta berezitasun hori galtzen hasia ez ote dagoen. "Gaur egun, Errezilen, erdia errezildarra eta erdia kanpotik etorritakoa dago, eta horrek hizkuntza ere era berean nahastu du". Hori horrela dela nabarmentzeko, zera gaineratu du: "Gu garaii batean edonora joaten ginen eta, dudarik gabe, 'hi errezildarra haiz' esaten ziguten; eta gaur egun ez da hori gertatzen. 'Hi errezildarra haiz' hori pixka bat mantentzea nahi genuen, ez galtzea, behintzat". Hizkuntzaren nahaste horren gainean teoria ezberdinak jarri dituzte mahai gainean batzuek eta besteek. Herritik kanpoko eskolaren eragina aipatu diote azpeitiarrek, baina errezildarrak ez diren amak aipatu ditu Loidisaletxek.

Beste pena bat ere badu Errezilgo bertsolariak: liburuan ateraldi mordoska bat jasoa dago, baina beste asko eta asko falta direla uste du, denborarekin galdu egin direlako. "Liburu honek askoz osoagoa eta askoz potoloagoa irteteko, Lazkanok lehenago zahartu behar zuen, eta Laxaro orain dela hogeita hamar urte jubilatu", bota du, entzuleen algarak eraginez. Laxaro Azkunek lekukoa jaso eta bigarren liburu baten aukera ez dutela baztertu esan du, "agian honek askori bonbilla pizteko balio" dezakeelakoan.

Liburuko ateraldiei dagokienez, horien "naturaltasuna" nabarmendu du errezildar bertsolariak; ez direla "grazia egiteko esanak", eta "batere maleziarik gabe" botatakoak direla.

Liburua salgai

Errezildarren ateraldiak datorren astetik aurrera salgai izango da Azpeitian eta Errezilen, sei euroren truke. Uztarriaren bazkideek, aldiz, erdiprezioan eskuratu ahal izango dute; horretarako Uztarriaren egoitzara etorri behar dira (Perez Arregi 1 behea, Telefonicaren egoitza zaharrean).

Gainerako saltokiak hauek dira:

  • Errezilen: udaletxean, udaletxe azpiko dendan eta Borondegin.
  • Azpeitian: Belaetxe eta Iratzar liburudendetan eta Mendizabal tabernan.