Urte eta erdiko kartzela zigorra adingabe batzuk estortsionatzeagatik

Uztarria.eus 2013ko api. 2a, 12:35

Duela urtebete inguru atxilotu zuen Ertzaintzak gaztea, adin txikiko herritar batzuk mehatxatu eta ekonomikoki estortsionatzea leporatuta.

Adingabe batzuk estortsionatu eta mehatxatzeagatik urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote 26 urteko gizonezko azpeitiar bati. Epaiketak leporatutakoak bere gain hartu zituen akusatuak, eta fiskalak jarritako zigor eskariarekin konforme agertu zen.

Duela urtebete inguru atxilotu zuen Ertzaintzak gaztea, adin txikiko herritar batzuk mehatxatu eta ekonomikoki estortsionatzea leporatuta. Azkoitiko Ertzain-etxean jasotako salaketaren arabera, 2012ko otsailean 13 eta 14 urte bitarteko gaztetxo koadrila bat Azpeitiko hilerri inguruan jolasean zebilela, pistola bat bilatu zuten txabola baten inguruan.

Egun batzuetara, ordea, 26 urteko azpeitiarrak dirua eskatu zien gazteei, pistola puskatuta zegoela argudiatuta. 800 euro eta 1.000 euro bitartean eskatu zituen. Mehatxu haien aurrean beldurtuta, gazteek 300 euro ordaindu zizkien pistolaren ustezko jabeari. Alabaina, mehatxuekin jarraitu zuen, eskatu adina ez ziotela-eta eman kopuru guztia emateko esanez.