Corrugados bideragarria dela eta ez ixteko eskatu dute langileek

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza, Berria.info 2013ko mar. 22a, 14:21
Corrugadoseko langileak gaur enpresaren aurrean.

Langileen iritziz, erabakia ez da berria, Gallardo Taldeak aurretik zuen Azpeitiko lantegia ixteko asmoa. Azpeitiko herriari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, langileekin batera "ixteko erabakiari aurre egiteko" eskatu diete.

Corrugados Azpeitiako langileek prentsaren aurrean agerraldia egin dute gaur goizean, eta haien arabera, zuzendaritzako 14 lagunek Gallardo Taldeari jakinarazi diote euren kontratuak desegiteko eta 45 eguneko kalte ordaina jasotzeko demanda sartuta duela. Langileen ordezkariek azaldu dutenez, "horrek eragin zuzena izan du Gallardok enpresa ixteko hartutako erabakian".

Langileen iritziz, erabakia ez da berria, Gallardo Taldeak aurretik zuen Azpeitiko lantegia ixteko asmoa. Horren erakusle dira nominak eta iazko zorrak ordaindu gabe izatea, edota hornitzaileei zerbitzurik ez emateko agindu izana. "Erabaki hau Getafeko (Espainia) lantegiaren aldeko hautua da, Espainiaren aldeko hautua, eta gu horren kontra gaude", esan dute Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko ordezkariek. Hori dela eta, Azpeitiko herriari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, langileekin batera "ixteko erabakiari aurre egiteko" eskatu diete.

Enpresak negoziaketak luzatu nahi izan dituela gaineratu dute langileek. "Lantegian zegoen txatarra guztia urtu eta korrugado barrak atera nahi zituen. Aurrekoetan bezala, orain ere fede txarrez jokatu dute". Lantegia bideragarri dela diote: "Gallardok 300.000 tona bermatzen ditu eta Gipuzkoako Diputazioak egindako gestioei esker beste 150.000 tona ekoizteko aukera sortu da. 450.000 tona lan karga da ixteko erabakia atzera botatzeko. Enpresa honek badu lekua merkatuan".

Hori guztia dela-eta, Enpresa Batzordeak "ez du ontzat ematen Gallardo Taldeak hartutako erabakia". Izan ere, 300 lagunek egiten dute lan Corrugados Azpeitian, eta zeharka beste ehun baino gehiagori ematen die lana. Beraz, "Corrugados Azpeitiak bizi behar du, Gallardo Taldearen barruan edo kanpoan", esan dute.

Langile batzordeak erakundeetako ordezkariekin bildu nahi du datozen egunetan, eta mobilizazioekin jarraitzeko asmoa ere badu, nahiz eta oraindik ez zehaztu zer egingo duten. Langileen batzarra, printzipioz, asteazken goizean egingo dutela azaldu dute.

Esteban Campos enpresa batzordeko ordezkariak esan du atzo esan zietela enpresa itxi egingo dutela baina ez dakitela erabakia behin betikoa den. "Uste dut Azpeitiko zuzendaritzak azalpen bat eman beharko liekeela langileei; ezkutatuta daude", esan du. Itxierarako negoziazioetan akordiorik badago baldintzak apur bat hobetu daitezkeela esan du Camposek. Mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du.

Dendariak "kezkatuta"

Corrugadosek langileei egindako iragarpena kezkaz hartu dute Azpeitiko dendariek. "Herria lehendik oso triste dago, eta salmentak ere asko jaitsi dira", dio Bertan Merkatari Elkarteko teknikariak.

Epaiketa asteartean

Datorren asteartean da 60 bat langileren kaleratzeen gaineko banakako epaiketa, Donostian.